Pertsonak ez al ziren lehenengo?

"Lankidetzako dirua ez dugu nahi estadio handiak, jauregiak edo bestelako azpiegiturak egiteko... garatutako herrialdeek orain dela asko bere dituzten eta oinarrizkoak diren gauzetarako baizik; hezkuntzarako eta osasunerako alegia". Hauxe dio euskal elkartasunaren diru laguntzaren bidez Sierra Leonan gauzatzen den nazioarteko lankidetza proiektu baten onuradunak.


Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu lege proiektuak murrizketa handiak iragartzen ditu 2013rako garapenerako lankidetzari dagokionez. Hauek gauzatuko balira, pobrezia eta desberdintasunaren aurkako politikek, hau da, pobrezia eta desberdinatasunaren arrazoiak eta ondorioak salatu eta gainditzeko baliabideak proposatzen dituzten politikek eraso handia jasango lukete. Eta, ikusi dugun moduan, hauek eragin zuzena izango dute herrialde txirotuetako nahiz gure inguruneko herritarren onarrizko giza eskubideetan.

Euskal lankidetza estatu mailako erreferentea izan da azken 25 urteotan. Ez bakarrik Euskadiko erakunde publikoek lankidetzara bideratu duten diru kopuruagatik, baita gauzatu diren politiken kalitateagatik ere. Aldiz, errealitateak jakinarazten digu aurrekontu honen onarpenak 2007ko Lankidetzako Legea urratuko lukeela, bertan adierazten baita 2012rako Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu osoaren %0,7 lankidetzako politiketara zuzendu behar duela. Proiektu honetan, aldiz, 2013an aurrekontu osoaren %0,35 bideratuko dela adierazten da.

Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiei eskatzen diegu nazioarteko elkartasunaren alorrean aurretik hartutako konpromisoak bere horretan manten daitezen exijitu dezatela, krisiak eragindako egoera zail hauetan bereziki azpimarratu behar ditugulako gizarte bezala ditugun oinarrizko baloreak. Ezinezkoa da pertsona baztertuenekiko elkartasunari uko egitea. Pobreziarekin eta bazterkeriarekin bukatzea gauza egingarria da eta, ez hori bakarrik, obligazio etiko eta politikoa ere bada giza eskubideak bermatzeko.