Pertseidei buruzko saioak Eureka Zientzia Museoan
Gaur eta bihar eguerdi aldera eskainiko dituzte saioak Donostiako zientzia museoan. Pertseidak hilaren erdialdera arte ikusi ahal izango dira, gauerditik aurrera, leku ilunetara joanda.
Donostiako Eureka! Zientzia Museoak pertseidei buruzko 'Kosmos' saio bereziak antolatu ditu eta gaur eta bihar egingo dituzte azkenak. Euskarazko saioak 11:45ean izango dira museoaren planetarioan. Pertseida izar iheskorren azalpena, eta kometen eta gauez ikusten diren konstelazio eta planeten inguruko informazioa emango dute.
Museoak azaldu duenez, urteko izar uxo ezagunenak, Pertseidak, uztailaren amaieratik abuztuaren erdialdera arte ikus daitezke, baina atzoko egunez eta gaur izan dute jarduerarik handiena. Haiek begiztatzeko garai onena gauerditik aurrera izaten da, eta kopuru handiena goizeko 2:00ak aldera izan ohi da.
Haietaz hobeto gozatzeko, egokiena hirietako argitik urrundu eta ahalik eta leku ilunena bilatzea da. Ez da tresna optikorik behar behatzeko; begi hutsez ikus daiteke ibilbide osoa zeruan. Itxuraz, Pertseo konstelazioan dute jatorria, baina izar iheskorrak zeruko eremu osoan ikusten dira. Museokoek etzaulkia eramateko gomendioa egin dute, erosoago ikusteko.