'Perfectly imperfect': algoritmoetatik askatu eta erritmo motelagoa nahi duen sare soziala

Gustuko gauzen inguruko gomendioak egiteko tokia da, eta mundu digitala eta aurrez aurrekoa babesten dituena.

Perfectly Imperfect sare sozialak Interneten aurreragoko garaietara itzultzeko bidea egin du, algoritmoen erabateko menpekotasunari ihes egin nahian. Sare honen izaera gustuko gauzak gomendatzea da. 

2020an email bidezko newsletter modura sortu zen eta gomendioak egiten ziren bertan. 2024an sare soziala eratu zuten, eta plataforma honetan edukiak ordena kronologikoan aurkezten dira, berrienetik zaharrenera, eta ez algoritmoak erabakitako moduan. Esperientzia digital lasaiagoa eta hain lehiakorra ez dena eskaini nahi die erabiltzaileei, haien interesekin loturikoa. Gorroto mezuak edo iritzi polemikoak elikatu beharrean, jendeak maite duena erakustea eta partekatzea da asmoa.

Sarera sartzerakoan erabiltzaileak ez du selfie perfekturik edo arreta bereganatzeko bideo deigarritik topatuko. Horren ordez, galdera zehatza egiten du: "Zer gustatu zaizu azkenaldian?". Galdera horri tiraka, liburuen, pelikulen, musikaren, errezeten eta bestelakoen gomendioak egiten dituzte. Argitalpen bakoitzak garrantzia bera du, eta, beraz, ez dago hierarkiarik edo jarraitzaileen presiorik. 

Diseinu aldetik, berriz, koloretsua da eta tipografia handiak erabiltzen dituzte, 90eko hamarkada inguruko estetikari jarraiki. Gaur egungo estetika minimalistaren kontra, web diseinu homogeneoari izkin egin dio.

TikTok eta Instagramek erabiltzaileen osasun mentalean izan dezaketen eraginak eta haietan igarotzen den denborak kezka sortzen duen garaiotan, halako plataformen egarria ere sortu da jendartean. Ondorioz, 100.000 erabiltzaile baino gehiago ditu dagoeneko, eta goraka doa egunero.

Norbere beharretatik sortutako plataforma
Tyler Bainbridge sare sozialaren sortzaileetako baten bizi esperientziatik jaio zen proiektu honen ideia. Konfinamendu garaian jabetu zen bere online kontsumoa algoritmoek baldintzatua zegoela, eta haiek nahi zutena soilik ikusten zuela.

Egoera horren aurrean, betiko ohituretara jo zuen: jendeari zer interesatzen zaion galdetu eta partekatu. Newsletterrean kultura munduko lagunak elkarrizketatu eta une horretan interesatzen zitzaienaz galdetzen zien. Dinamika horrek jende ezaguna ere erakarri zuen, tartean Charli XCX, Lena Dunham edota Francis Ford Coppola.

Famatuen gomendioak ez dira ezezagunen gomendioen gainetik agertzen, guztiek elkarbizitzen dute parez pare. Beraz, sariek eta jarraitzaileek ez dute garrantziarik bertan.

Aurrez aurreko hartu-emana sustatzea
Sarean orduak igaro beharrean, aurrez aurreko harremanak bultzatzea ere bada sare honen egitekoa. Topaketak, festak eta kontzertuak antolatu izan dituzte hasieratik, eta ekitaldien atal bat ere badute, erabiltzaileek haien bizilekuko planen berri eman dezaten: irakurketak, DJ saioak, urtebetetzeak edo bestelakoak.

Bainbridgek azaldu duenez, "jendeak lagunak egin eta gauza berriak deskubritzen baditu, itzuliko da". Pantaila bidezko eta aurrez aurreko giza-harremana uztartzen dituen filosofia da berea.