Pelax: Artisau jaia teknologiaren aroan

2019ko maiatzean eta urrian bi disko kaleratu dituzte Pelax taldekoek eta bi lanak elkarrekin aurkeztuko dituzten abenduaren 1ean Egiako Gasteszenan. Musikariak Iñaki Rifaterra eta Nagore Legarretaren argazki eta litografiez lagunduta igoko dira agertokira eta Malen Otxoak egindako bisualekin borobilduko da ikuskizuna.

Unai Pelayo bakarlari izatetik talde izatera pasa zenean sortu zen Pelax, batez ere, Talkak egiten du didaktika (2017) lan bikainaren ostean. 2019 honetan proiektu berezi bat aurkeztu du, rock progresibo itxuran. Streaming kulturari aurre eginez, non entzunaldiak inoiz baino azalekoagoak diren, Donostiako taldeak bi kantuz osatutako artelana aurkeztu zuen. Hain justu, A eta B deitutako 20 minutu inguruko bi piezako lana argitaratu zuen udaberrian. Oraingo honetan berriz datoz formatu berean D eta E aldeak argitaratzera, aurreko lana osatuz. Haatik, taldeak adierazi du, lau kantu izan arren artelan bakar bat bezala ulertu behar dela, hau da, disko bikoitz baten ordez, disko bakar baten bi urrats ditugu hemen.

Lehen bi aldeak Badok eta bandcamp atarietan entzun ahal izan ziren eta entzungai jarraitzen dute horietan, baina D eta E aldeak CD eta LP formatuetan soilik egongo dira entzungarri. Taldekideen ustez “egun asko kontsumitzen da irudi batekin lagunduta eta horrek eragiten du musika kontsumitzaileengan, azkenean ohitzen dira irudi batekin kontsumitzera. Ez gaude ohituta kanta bat ulertzeko garuna eragitera” horregatik erabaki dute formatu fisikoan soilik aurkeztea artelanaren bigarren zatia, euren ustez galtzen ari den sentsibilitate artistiko bat aldarrikatzeko eta entzuleari ahalegina eskatzeko.

Ideia hauek errealitate bihurtzeko artisau moduan egin dute lan garai inoiz baino teknologiko hauetan Unai Pelayok (hitzak, gitarrak, ahotsak eta lauda), Andoni Olaetxeak (gitarrak), Iker Vazquezek (bateriak), Iñigo Ozaetak (baxua) eta Telmo Trenorrek (sampleak eta sintetizagailuak D aldean). Lokalean inprobisazio saio luzeak egiten hasi ziren eta hortik sortu zen erronka: “Gai al gara gustatzen zaigun 20 minutuko kanta bat konposatzeko?”.

Argi dago lanak entzun ostean erantzuna baiezkoa dela, eta nolako lau kantu gainera! Zuzenekoan ordea, eman nahi izan dio irudi bat egindako lanari eta hori egiteko Nagore Legarreta eta Iñaki Rifaterrari esleitu diote. Argazkien gainjartzea, kolore nahasketak eta negatiboekin jolastuz eta esperimentatuz egin dituzte sinbolismoz betetako bi diskoen arteak.

Aurkezpen berezia abenduaren 1ean
Lan berezi izanik, aurkezpen berezia behar du. Horregatik ez da ohiko disko aurkezpen bat izango. Artisau guztiak batera arituko dira abenduaren 1ean Egiako Gastezenan (Donostia). Lau aldeak joko dituzte bost musikariek eta argazki eta litografia erakustaldia egin dute Legarretak eta Rifaterak. Saioari gehituko zaizkio Malen Otxoak sortze eta grabatze prozesu osoan zehar egindako irudi eta bideon emanaldia. Sarrerak aurrez bost eurotan egongo dira salgai Donostia Kulturako ohiko lekuetan eta zortzi eurotan egunean bertan. Proposamen berritzaile eta interesgarri zuzenean gozatzeko prest?