Pelagial
Itsaso azaletik, geruzaz geruza, hondo beltz eta iluneraino garamatza The Ocean postmetal talde alemaniarrak, eta diskoa osatzen duten 11 abestiok geruza bakoitzerako soinu banda bana dakarte. Egileek hala diote: itsaspeko bidaia batean bezala, argiunetik hasita, diskoa ilunduz doa beherantz egin ahala, klaustrofobia eta presioa sentiaraziz, baina tarteka bizirauteko arnasguneak eskainiz. Hasieran disko instrumentala izateko garatu bazuten ere, azkenean, Loïc Rossetti abeslariaren lan bikaina medio, guztiz borobildu dute lana. Edizio batzuetan, hala ere, disko instrumentala gehitu dute bidaia zoragarri hau bakarka egin nahi dutenentzat.