Paxkal Irigoyen: “Gaztetxe bat behar dugu gazteak dinamizatzeko”

Donibane Garazi inguruan gaztetxe baterako lokal bila dabiltza, eta kanpaina bat jarri dute abian egitasmoaren inguruan jendea batzeko. Ekimen ezberdinak egiten ari dira larunbatero Garaziko kantonamenduko herri ezberdinetan. Paxkal Irigoyenekin mintzatu gara eta berak hobexeago azaldu digu zertan den kontua.


Martxoaren 12an, adibidez, Rock Lehiaketa antolatu zuten Behorlegin. Musikari profesionalak ez diren gazteei zuzenduriko ekimena izan da, lauko taldeak bildu eta erakustaldia egiteko aukera eskaini diete. La Pottot' Records laukoteko neskak gailendu ziren eta ondoren, gainera, Erru Gabe, Willis Drummond eta Moskorri taldeek kontzertua eman zuten.
Martxoaren 19an, Donibane Garazin, mintzaldia izango da Herriko Etxean arratsaldeko 16:00etan. Eztabaidagaia: 'Zer da gaztetxe bat? Zein da Iparraldeko gaztetxeen egoera?' Iparraldeko hainbat gaztetxetako ordezkariek hartuko dute parte.
Martxoaren 26an, bestalde, Sakratua dantza ikuskizuna antzeztuko du Leinua konpainiak Donazaharren. Sarrerak dagoeneko salgai daude Donibane Garaziko turismo bulegoan.
Azkenik, kanpainari amaiera emateko, Baxe Nafarroako Gazte Eguna ospatuko dute apirilaren 2an Donazaharren.
Hain justu egun honi buruzko eta, orohar, Garazi inguruan indartzen ari den gaztetxe mugimenduari buruzko detaile gehiago eman dizkigu Paxkal Irigoyen gazteak.

Noiz sortu da gazte eta gaztetxe mugimendua Garazin?
Orain 10 edo 15 urtetik bada gaztetxe mugimendua hemen. Lehen bazegoen lokal bat, baina 2003 urtean utzi zuten oso egoera txarrean zelako. Beraz, horiek ziren lehenengo belaunaldikoak. Gu 2007 edo 2008tik hasi gara berriz gazte talde baten antolatzen eta lokal baten bilatzen.


Zergatik eta zertarako gaztetxea?
Gaztetxe bat herrira, gazteen artera, dinamika bat ekartzeko beharrezkoa da. Gazteak mugitzeko, izan dadin besta egiteko, izan dadin kultura mailan parte hartzeko... Guk, adibidez, inauterietan parte hartzen dugu antolaketan. Baita ere, gaztetxe bat eztabaidarako leku bat da, politika mailan edo herrian pasatzen diren arazoei erantzun bat emateko. Gaztetxe bat gazte talde bat da lehenik, baina gazte talde horrek lokal bat behar du ekitaldi denak ongi eramateko.


Honetan zabiltzatenen artean, denetarik egongo da...
Bai, 18 eta 24 urte artean gabiltza. Batzuk ikasleak, besteak laborariak, langabezian direnak ere bai... Bestalde, guk Garazirako dugu bilatzen lokal bat, kantonamendu osorako, ez Donibane Garazi herrirako bakarrik. Garaziko kantonamenduak baditu 19 herri, eta gure taldean kasik bagara herri guztietakoak.


Beraz, gaztetxea ez litzateke soilik Donibane Garaziko gaztetxea...
Ez, eta gainera, zentzu handiagoa ukanen luke Donibane Garazitik kanpo, egia esan. Donibane Garazik DAGOENEKO badu anitz animazio eta anitz ekintza. Gaztetxearentzat leku egokiagoa litzateke herri txikiago bat, zentzu horretan behar handiagoa duena.


Dagoeneko ari zarete lokala bilatzen... zail dago kontua?
Zaila da lokal baten aurkitzea jakinik barruan bestak, gaualdiak eta horrelako gauzak izanen direla. Jendea biziki fite beldurtzen da lehen gauza. Gauza anitz dagoeneko eginak ditugu: hautetsiak ikusi genituen... baina jendeak, egia esan, beldur pixka bat dio gaztetxeari eta gaztetxean ibiltzen den jende gazteari... Baina saiatuko gara aterabideak bilatzen.


Apirilaren 2an Baxe Nararroako Gazte Eguna egingo duzuen Donazaharren. Zer izango da egun horretan?
Baxe Nafarroko gainerako gaztetxeekin batera antolatzen dugu: Baigorri, Ortizbarre, Donazaharre... Besta eguna izanen da, gazteok antolatua baina jende guztiari zabaldua. Goizean merkatua izanen da, gero bazkaria, poteoa, antzerkia, kontzertuak... Saiatuko gara herrialde bakoitzeko gaztetxe bat gonbidatzen, nahiko genuke goizeko merkatuan gaztetxe bakoitzak mahai bat ukan dezan egiten ari direna esplika dezaten.

[Baxe Nafarroko Gazte Eguneko bazkarian lekua hartzeko: Ainez (0033) 632 638 785]