Paula Huarteren erakusketa inauguratuko dute gaur, Gasteizko Montehermoson
Gaur eguneko pertsonen izaera eta identitate indibidual eta kolektiboaren inguruan hausnartzen du artistak.
Montehermoso Kulturuneko Proiektu Artistikoen Ekoizpenerako Laguntzen Deialdiaren baitan, Paula Huarte artistaren Lagrimas de cocodrilo erakusketa zabalduko dute gaur, 19:00etatik aurrera. Irailaren 15era arte bisitatu ahal izango da erakusketa.
Paula Huarteren lanak "egunerokotasunaren, ezohikoaren eta arrotzaren arteko aurkakotasuna" lantzen du. Lotutako elementu eta irudi batzuk sortu, eta errealaren eta irrealaren arteko narratiba eratzen du. "Errealitate desberdina erakusten du, ezezaguna, anbiguoa, ironikoa eta onirikoa nagusi dena, eta irakurketa bikoitzeko kode bat antzeman daiteke”, azaldu dute.
Huartek gure garaiko pertsonen izaera aztertzen eta sakontzen du, eta gure identitate indibidual eta kolektiboaren konplexutasunari buruz hausnartu. Gizabanakoaren, bizi den espazioaren eta ingurunea okupatzen eta osatzen duten objektuen arteko harremanari buruzko azterketa da bere lana.
Paula Huarte Arte Ederretan graduatu zen EHUn, eta Inprimaketa Grafikorako, Ilustraziorako eta Txanpongintza Artistikorako Bitartekoen masterra egin zuen FNMT Espainiako Moneta eta Tinbre Fabrikan, Madrilen. Zeramikan, Artean eta Funtzioan Masterra ere egin zuen. Grabatua eta ilustrazioa dira bere eremuak, baina zeramika ere integratzen du.