Patxi Thikoipe: "beste hutsetik haratago joan nahi dugu"
Berriro ere hemen dugu Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Hamar urte betetzen ditu aurten jaialdiak. Egitaraua ohi bezain erakargarria da. "EHZ 2006" ekainaren 30ean eta uztailaren 1 eta 2an iraganen da Idauze-Mendin, Mauletik gertu. Antolatzaile lanean dabilen Patxi Thikoipe jaialdiaz mintzatu zaigu.
Nola sortu zen jaialdia?
Euskal Herria Zuzenean jaialdia duela hamaika urte sortu zen, hain justu. Adiskide talde batek Ipar Euskal Herrian giro bizi eta berri bat sustatzeko gogoa zuen. Eta, hala, emeki-emeki, jaialdia antolatzeko ideiak bere bidea egin zuen. Arrosako herrian hasi zen abentura.
Aurten zer egiteko asmoa duzue? Egitarau berezia antolatu al duzue?
Hamar urte betetzea oso garrantzitsua da. Horrek belaunaldi ezberdinek lanean segitu dutela erakusten du. Hastapenetik, populu eta alternatiba ezberdinen jaialdia izan da, eta aldi oro, beste mundu bat ezagutzea posible dela frogatu dugu. Aurten adibidez, ohiko kontzertu, antzerki eta ekitaldi ezberdinekin batera, konferentzia handi bat antolatu dugu. Jose Bové, Via Campesina-ko bozeramailea hor izanen da, mundu hau nola pertsona indartsu batzuek beren menpe atxikitzen duten azaltzeko.
Noiz hasi zineten jaialdia antolatzen? Zertan datza zuen egitekoa?
Urte osoa daramagu lanean. Uda bukatu orduko hurrengo jaialdiaz pentsatzen hasten gara, zer atxiki behar den ikusteko, zer hobetu Jaialdiaren antolatzea ez da bakarrik taldeen etorraraztea, herrixka bat antolatuz, giro goxo bat lortzea ere bada. Horrez gain, bertako jendeekin, lurren jabeekin, auzokoekin eta hautetsiekin ere ari gara lanean, dena ahal bezain ontsa pasa dadin.
Zer topatuko du inoiz joan ez den batek?
Inoiz etorri ez denak jakin behar du tokian bertan denetarik badela. Ostiralean etorrita, hiru egunez egon daiteke. Akanpaleku handi bat bada bertan lo egiteko. Gero, ekitaldi ezberdinak badira: antzerkiak, fanfareak, eztabaida mahaiak, eta nola ez, kontzertuak. Horrez gain, bertan jateko eta zintzurra freskatzeko parada bada denentzat, eta igande eguerditan zikiro bat antolatzen dugu.
Gazteei bakarrik zuzendua al da jai hau?
Jaialdia adin guztietako jendeari irekia dago!! Segur da gazte asko etortzen dela, gauetan batez ere, kontzertuek erakarrita. Baina ekitaldi ezberdin asko antolatzen dugu, denek lekua ukan dezaten. Larunbatean eta igandean, adibidez, haurren xoko bat izanen dugu joko ezberdinekin. Erran bezala, igandean zikiroa ere prestatzen dugu. Egia da igandez direla gehienik belaunaldi ezberdinak nahasten.
Zenbat jende espero duzue aurten?
Azken urte hauetan 20.000 pertsona inguru hurbildu da jaialdira hiru egunez. Halako jende kopurua biltzen bada denak pozik izanen gara.
Nondik etortzen da jende gehien?
Jende gehiena Iparraldetik dator. Ohitua den jendea da. Azken urte hauetan Hegoaldeko hainbat gazte etorri da, gustura iduriz, urte guztiz gehiago heldu direlako. Paueko, Bordeleko eta baita Tolosako jendearekin ere topo egiten dugu.
Zein da jaialdiaren bitartez lortu nahi duzuen helburua?
Iruditzen zaigu beste mundu bat ezagutzea posible dela, alternatiba ezberdinak badirela. Denek elkarrekin jaialdia antolatzen dugularik, besta hutsetik haratago joan nahi dugu. Etortzen den jendea konturatzen da Euskal Herrian lehenik (euskararen egoera, euskal presoena...), baina urrunago ere hainbat arazo badirela (mundializazioarekin...). Egoera ezberdin horiekin jendea interesatu eta sentsibilizatu nahi dugu hala nola, norberak bere portaera alda dezakeela mundu justu batentzat.
Talde ospetsurik izango al da? Erraza izan al da talde horiek jaialdira ekartzea?
Egia da gero eta zailagoa dela taldeen etorraraztea. Hala ere, harremanen sortzearekin, taldeak sentsibilizatzen ditugu, egiten dugun lana azalduz. Heldu diren taldeek gure filosofiarekin bat egiten dute. Ariko diren musika taldeen artean, besteak beste, Berri Txarrak, Babylon Circus, Ken Zazpi, Garazi Philantropik Orkestra, Groundation, Yan Tiersen eta Têtes Raides aipa ditzakegu.
Zein dira zure iritziz aurreko urteetako kontzertu gogoangarrienak?
Oroitzapen on asko ditut... Bat hautatzea ez da erraza. Nik Fermin asko maite dudanez, haren azken kontzertua atxikitzen dut gogoan, baita Zebda Tolosako taldearena ere. Festibalaren lehen urteetan etorri ziren, eta arazo tekniko bat izan genuen, eszenatokiko argi guztiak itzali zirelako bospasei minutuz. Bi kantariek kantua segitu zuten, ikusleekin kantatuz bakarrik, eta jende gehiena ez zen deusetaz konturatu!