Patxi Oliden, surfa herritarrei hurbildu zien aitzindaria

Patxi Oliden, surfa herritarrei hurbildu zien aitzindaria 96 urterekin zendu da oriotarra; Hego Euskal Herrian surf taulak egiten lehena izan zen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patxi-oliden-surfa-herritarrei-hurbildu-zien-aitzindaria/@@download/image/sequence-2-e1425426824932.jpg
2020/01/16

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

96 urterekin zendu da oriotarra; Hego Euskal Herrian surf taulak egiten lehena izan zen.
Patxi Oliden, surfa herritarrei hurbildu zien aitzindaria

Itsasoari so igaro zuen bizitza Patxi Oliden oriotarrak; surfean sekula ibili gabe ere, bera izan zen Hego Euskal Herrian surf taulak egiten lehena, eta bidebatez, garaian produktu garesti eta ia eskuraezina zena herritarrei hurbiltzea lortu zuena. 96 urterekin zendu da herrian oso maitatua izan den pertsonaia hau; horregatik, Orioko Surf Taldeak omenaldia eskainiko dio.

Fisika nozioak erabili zituen Olidenek egurrezko surf taulak egiteko; itsasoan igeri egitea maite zuen gaztetan, eta hor ezagutu zuen surfa. Segituan maitemindu zen kirolarekin, praktikatzera iritsi ez bazen ere; garaian, 70eko hamarkadan, batez ere frantsesak ziren kostaldera surf egitera etortzen zirenak, eta orduko taulak oso garestiak zirenez, Oliden ikertzen hasi zen, taula merkeagoak egiteko helburuarekin. 

Hamarkada horietan surfa oraindik gauza exotikoa zen Euskal Herrian, eta taula batek 8.000 pezeta balio zituen; Olidenek 2.500 pezetatan saltzen zituen aldiz. Hark esan ohi zuen moduan, ez zuen surfa "kirol aristokratikoa" izaterik nahi; hala sortu zuen Itxas Tresna izeneko tailerra. 

1978rarte ibili zen Oliden surf taulak bere tailerrean egin eta saltzen; banan-banan, ehun bat taula saldu zituen. Urte hartan, Zubietako Eskolatik deitu zioten tailerreko klaseak emateko, eta bertan amaitu zen surf taulen abentura. Hala amaitu zen Hego Euskal Herriko, Espainiako eta ziur aski Europako lehen surf taulen tailerraren istorioa.

Hainbat dokumental egin dituzte Olidenen bizia oinarri hartuta; Donostiako Zinemaldian, 2016ko irailean, Patrick Trefz argazkilari alemaniarrak egin zuen Surfers’ Blood filmeko protagonista izan zen, eta Trefzek argitaratu zituen bi liburuetan ere tarte bat eskaini zion oriotarrari. Democratic surfboards goiburuarekin aurkeztu zuen alemaniarrak Danbolin.

Musika konposatzailea ere bazen oriotarra bere tarte libreetan; testu sakratuetarako polifoniak konposatzen zituen, eta Bariko San Nikolas elizan organista ibili ohi zen. 2.616 obra baino gehiago konposatu zituen, ordenagailua eta bere informatika jakintzak lagun.

Olidenen bizitzaren puxketa txiki bat ezagutu nahi baduzue, ez galdu Trefz-ek eskaini zion film dokumentala: 

PATXI OLIDEN from SURFERS' BLOOD, a film by Patrick Trefz from PATRICK TREFZ on Vimeo.