Parkinsona duen pertsona bat, berriz ere ibiltzeko gai izan da protesi neuronal bati esker

Ikertzaileek orno-muina estimulatu dute eta honela lortu dute gaixoak ibiltzerakoan izan ditzakeen erorikoak edo blokeoak ekiditea.

Marc Gauthier-ek 36 urte zituenean mugimendu eta koordinazio arazoak pairatzen hasi zen, dardarak eta zurruntasuna. Parkinson goiztiarra diagnostikatu zioten. Mende honen hasieran garuneko inplante bikoitza egin zioten. Alde batetik dopamina sortzaile bat txertatu zioten, -izan ere, neurotransmisore hau gakoa da mugimenduaren antolakuntzan-. Aldi berean, garuneko sakoneko estimulatzaile bat ere jarri zioten gune basaletan, hau da, dopamina modu naturalean ekoitzi behar lukeen gunean. 

Hasiera batean hobekuntza hauteman bazuen ere, erorketak itzuli egin ziren eta baita larriagotu ere. Eskailerak igotzea bezalako ohiko jarduerak sufrimendu ikaragarria ziren berarentzat. Orain dela bi urte orno-muineko protesi bat jarri zioten eta egun bere lagunekin kafeak hartzera joateko ere gai da. Gauthier-ek, egun 63 urte dituenak, adierazi duenez, orain ez die beldurrik eskailerei. 

Bizkarraren beheko aldean, lunbar inguruan neurona motor batzuk daude, hanketako muskuluak ordenatzeaz arduratzen direnak, hauek aktiba daitezen. Neurona hauek hanken egoeraren informazioa ere jasotzen dute, bai mugimenduan eta baita atseden egoeran ere. Jarri zaion protesiak bertan eragiten du, neurona hauek Parkinsona dutela ahaztu dezaten. Garunari egindako engainu moduko honegatik Gauthier ibiltzeko gai da berriz ere. 

Orain protesi hau ahalik eta pertsona gehienetan probatu nahi dute. Izan ere, Parkinsona oso gaixotasun aldakorra da, denboran zehar paziente berdinean aldaketak gerta litezke eta pertsona bakoitzarengan ezberdin garatzen da. Horren heterogeneoa denez, zenbat eta pertsona gehiagorengan probatu protesia hobe, hobekuntzak egin ahal izateko eta etorkizunean gaixo gehiago sendatu ahal izateko.