Paraxutean 4.500 metrotik salto egin eta beherakoan eskuan tatuajea egin zuen artista estatubatuarra
Floridan gertatu zen, eta munduko Guinness errekorra lortu du.
Munduko Guinness Errekorren liburuak balentria berria jaso du. Artista estatubatuar batek tatuaje bat egin zuen 4.500 metrotatik paraxutean salto egin eta beheranzko bidean zihoala. Ez dio orain arte beste inork bere buruari tatuajerik egin altuera horretatik jauzi eginda eta erorketa askean.
Funky Matas izeneko artistak 4,572,91 metrotatik egin zuen beherantz, Floridako Lake Walesen, 193 kilometro orduko abiaduran. Beraz, abiadura bizian egin behar izan zuen tatuajea. Zer tatuatu zuen? Bada, "fly' hitza bere eskuan.
Erronka gauzatzea ez da erraza izan artistarentzat. Izan ere, Matasek kontatu duenez, paraxutean salto egiteko enpresa askok ez zuten proiektu honetan parte hartu nahi izan. Azkenean, Jump Florida Skydive enpresak eman zion baiezkoa.
Errekorraren bezperan, probak egin zituen tatuajea egiteko nola moldatuko zen ikusteko. Haizagailu industrial baten laguntzaz aritu zen entseguak egiten, tatuaje faltsuak marrazten, nola sentitzen zen ikusi eta airean zenbateko egonkortasuna beharko zuen jakiteko. Saiakeraren egunean, tatuatzeko makina zinta-itsasgarriarekin itsasi zioten eskuan, beheranzkoan hegan atera ez zedin.
Tintaren kontuak ere bazuen zailtasuna. Izan ere, beheraka zihoala tinta ez izoztea zen erronka, ezingo baitzuen hegan zihoala berriz bete. Hortaz, tinta kopuru jakina behar zuen eta ziztu bizian egin behar zuen, haizeak materiala honda ez zezan. Horretaz gain, hartu beharreko neurri guztien berri eman zioten.
Fly hitza hautatu zuen tatuatzeko, airean egonda egokia zelako batetik, eta hitz laburra izatea ere gomendagarria zelako bestetik. "193 kilometro orduko abiaduran gindoazela kontuan izanda, nahiko ondo atera zela iruditzen zait. Irakurtzeko modukoa da behintzat", esan du egileak.
Errekor berri honi buruz galdetuta, 38 urteko artistak adierazi du "adrelanina, tatuajeak eta errebeldia" maite dituela, eta, beraz, ez zuela askorik pentsatu beharrik izan. Errekor honen bidez, "edozer gauza egin daitekeela" erakutsi nahi du: "Kontua ez da zer nahi duzun, baizik eta zenbateko gogoz nahi duzun. Horrelako zerbait lortu badezaket, espero dut bere helburuak betetzeko asmoa duen norbaitek ausardia pixkat bat jasotzea egin ditudan gauzak ikusita. Berdin da nahi duena zer den: lana uztea, bere pasioari heltzea edo munduko errekor bat haustea".
Aurrez beste munduko errekor bat ere lortu zuen Matasek, hura ere tatuajeekin loturikoa. Gizonezko gorputz batean tatuatutako sinadura gehien zituen, 273 guztira. Bizkarra sinaduraz betea du, horietako zenbait jende ezagunarenak gainera, tartean 50 Cent, Will Smith, Bad Bunny eta Jyoti Amgerena, munduko emakumerik txikienarena. Ordutik beste batzuk ere gehitu ditu, esaterako Martha Stewartena eta Logan Paulena.
Lehen errekorra bereganatzean, arreta handia piztu zuen, eta horrek marka gehiago haustera bultzatu zuela aitortu du: "Munduko errekor gehiago hausten jarraitzeko gogoa eman didan su moduko bat piztu zait ipurdi azpian. Beraz, ziur nago munduak gehiagotan ikusiko nauela laster, ideia zororen batzuk gogoan".