Pablo Ugartetxearen lan "surfbanistak" ikusgai Zarautzen

Abuztuaren 28tik irailaren 2ra bitartean San Miguel Pro Surf Zarautz surf txapelketa egingo dute Zarautzen, eta aurten hainbat berrikuntza izango ditu. Horien artean, Pablo Ugartetxea artistaren erakusketa, abuztuaren 15etik irailaren 15a bitarte Zarauzko Udal Merkatuan ikusgai izango dena.


Joan den hilean aurreratu genizkizuen San Miguel Pro Zarautz surf txapelketaren 6. edizioaren nondik norakoak. Mundu mailako surflari onenentzat huts egin ezinezko zita bilakatu da, ASP Mens's Star Events zirkuituaren seigarren geraldia delako, eta nazioartetik nahiz Euskal Herritik etorritako kirolaririk onenak izaten dira bertan.

Dena den, bost eguneko txapelketa kiroletik haratago iritsi da, eta aurten, hain zuzen, hainbat berrikuntzarekin dator. Horien artean nabarmenena Pablo Ugartetxea artistak egindako irudien erakusketa da. Zarautz Surf City izenburupean, arkitektura adierazgarria, olatu erraldoiak eta surfa nahastu ditu euskal artistak, teknika ezberdinak erabiliz.

Abuztuaren 15ean, asteazkena, inaugurazio ekitaldia egingo dute Zarauzko Udal Merkatuan, arratsaldeko 19:30etan, eta 22:00ak arte Dj Les Bon Vivants-ek jarritako musikarekin girotuko dute aretoa. Erakusketa irailaren erdira arte izango da zabalik, eta soilik arratsaldez ikusi ahal izango da, 16:30etatik 21:30etara.

Zarautz Surf City


San Miguel Pro Zarautz presented by Euskaltel 2012 ekimeneko artista gonbidatua da Ugartetxea, eta espreski osatutako erakusketa aurkezten du. Argazkilaritza, olioa, margozketa eta collagea elkarrekin nahastu ditu bere lanetan, eta paisaia imaginarioak osatu.
Arktiketuraren baitan olatuak eta surfa itsatsi ditu, paisaia surfbanistak sortuaz. Koktel ikusgarri eta bitxia, dudarik gabe, ikusi beharrekoa.