Otsailaren 9an hasiko da Berlinale
Alemaniako hiriburko zinemaldi ospetsuak 62. urteurrena izango du aurtengoa. Bertan, atzerriko film onenaren saria eskuratzeko lehian arituko dira, besteak beste, Angelina Joliek zuzendutako lehen pelikula, hau da, Bosniako gatazkari buruzko 'In the Land of Blood and Honey', edota Alex de la Iglesia bilbotarraren 'La Chispa de la vida'.
Berlingoa zinema munduko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, gainerako zinemaldiei hasiera emateaz gain, Oskarren aurretik egiten den ekitaldi esanguratsuetako bat ere badelako, Urrezko Globoekin batera. Aurtengoan Maryl Streep aktoreak jasoko du ohorezko Urrezko Hartza, Berlinaleko sari gorena. Otsailaren 14an egingo dute omenaldi ekitaldia, eta bere bizitza osoko lanagatik emango diote saria. Halaber, estatu batuarra protagonista duten sei film proiektatuko dituzte; besteak beste, 'La decision de Sofia' (film honetan eginiko lanari esker eskuratu zuen Oskarra Streepek).
Berlinaleari hasiera emateko 'Le adieux a la reine' ekoizpen frantziar eta espainiarra eskainiko dute, Frantziako Iraultzaren hasieran oinarritutakoa. Diane Kruger aktoreak Maria Antonietaren papera egin du bertan. Filma beste hogeiran artean aukeratu dute, eta hautatuak izan ez diren gainerakoak lehiaketan sartu dituzte, film hoberenaren saria lortzeko borrokan.
Gainera, Mike Leigh zinegile britainiarra izango da sarien banaketaz arduratuko den epaimahaiko burua; hogei film baino gehiago zuzendu ditu, eta egun London Film School-eko zuzendaria da.