Otsailaren 19tik 24ra, Punto de Vista Dokumental Jaialdia Iruñean

Urtez urte, Euskal Herriko eta atzerriko dokumentalen topagune bilakatu da Iruñeako Punto de Vista festibala. Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia da, eta aurten 85 dokumental proiektatuko dituzte.



Hamar herrialdetan ekoitzitako dokumentalak bilduko ditu aurtengo Punto de Vista Nafarroako Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiak. Proposamen arriskutsuak edota ohiko zinema aretoetan ematen ez direnak biltzea du helburu, horien sortzaileei arreta berezia eskainiz. Hala, errealitate anitzak ezagutzeko eta ekoizpen bide independenteen berri izateko aukera eskaintzen du.

Orotara bost atal bereizten dituzte: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Erdialdea, Heterodoksiak eta Emanaldi Bereziak

Sail Ofizialean, esaterako, hamazazpi film lehiatuko dira aurten otsailaren 19tik 24ra bitarte egingo duten jaialdian. Ez fikziozko ikus-entzunezkoak dira, 600 proposamen baino gehiagoren artean aukeratuak, eta errealitatearen inguruko hausnarketak dira denak.

Eta gainera
Euskarazko filmen alorrean, bi izango dira aurten proiektatuko dituzten dokumentalak: batetik, Victor Iriarteren Ikusezina lana, eta bestetik, Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita dokumentala.

Bestetik, Heterodocsias atalaren baitan X Films proiektua gauzatuko dute aurten laugarren aldiz. Proiektu honek aukera emango die aldez aurretik aukeratuak izan diren  hiru ekoizle gazteri beren aurre-proiektuak aurkezteko, eta ondoren, gaian aditua den epaimahaiak haietako bat hautatuko du ikus-entzunezko lan gisa ekoitzia izan dadin. Aurten, hain zuzen, Greta Alfaro, Lois Patiño eta Francina Verdes izango dira beren egitasmoak aurkeztuko dituzten gazteak.

Eta azkenik, Atzera Begirakoak atalean, Eduardo Coutinho eta Thomas Heise zuzendariak omenduko dituzte.