Otsailaren 14an hasiko da Eibarko Antzerki Jardunaldien 46. edizioa
Tragedia, komedia, keinu-antzerkia, dantza, zirkua eta bestelako hainbat emanaldi izango dira.
Eibarko Antzerki Jardunaldien 46. edizioa datorren otsailaren 14an hasi eta martxoaren 31ra arte iraungo du eta emanaldiak Coliseo Antzokian eta Eibar-Ermua Unibertsitate Laboraleko Hezkuntza Esparruko Antzokian izango dira.
Otsailaren 14an, 19:00etan, María Adánez eta Pepón Nieto aktoreen solasaldia izango da Coliseo antzokiko agertokian, Irene Hernando eibartarra aurkezle dela. "Euren ibilbidean izan dituzten paperei nola aurre egin dieten kontatuko dute, eta batzuetan antzerki-lanbideko bestelako rol batzuk bete beharraz ere arituko dira. Hurrengo bi egunetan, 19:00etan, ¡Ay Carmela! tragikomedia eskainiko dute biek, Coliseoan.
Beste emanaldi ugari ere izango dira, tartean Ados Teatroa & Bidebitarte Koop konpainiaren Lagun beltz asko tragikomedia; Fernado Bernuesek zuzendurako El nadador de aguas abiertas; Juan Echanove aktorea protagonista duen Ser o no ser; Familia sarekada komedia; Maria Goiricelayaren Yerma euskarazko drama; hiru urtetik gorako umeei zuzendutako Arrainak bihotzean; Osa + Mujikak zuzendutako Abundance dantza ikuskizuna; Bob Pop-en Los días ajenos; Arabako Pez Limbo konpainiaren "Marea baja" Paura zirku ikuskizuna; Txalo Produkzioak konpainiaren Hobe ixilik!, Ramon Agirre eta Itziar Ituñorekin; Iñigo Cobok zuzendutako Rey desnudo & chico muerto; Luis Piedrahitaren Es mi palabra contra la mía; eta Xabier Larrea aktorearen Pin Pang, umorezko zirku ikuskizuna.
Sarrerak astelehenero eta ostiralero erosi daitezke Coliseo antzokiko lehiatilan, 17:30etik 19:30era. Online ere eskura daitezke www.kutxabank.es webgunearen bidez. Halaber, emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira sarrerak, antzokiko leihatilan bertan.
