Ostiralean hasiko da Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldia

Ukraina, memoria historikoa eta babes-eskubidearen inguruan arituko dira, besteak beste, zinemaldiaren film eta solasaldietan, eta erakusketak ere antolatuko dira hiriko zenbait lekutan.

Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak zuzendutako The Man Who Sold His Skin (2020) filmak emango dio hasiera datorren ostiralean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiari.  Aurten, hogeita lau nazionalitateko berrogei pelikula, hogeita lau film luze eta hamasei labur, proiektatuko dira guztira. "Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea" da zinemaldi honen helburua, "baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua".

18 film luzek parte hartuko dute Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Munduko bazter guztietako filmak izango dira, eta askotariko gaien ingurukoak:  Afrikan erditzea, kontrol-kazetaritza, emakume zaintzaileen lan-sektorearen zaurgarritasuna, errefuxiatuak, gentrifikazioa, ugalketa-osasuna eta abortua, Matxitxatxoko gudua, Ukraina-Errusia gatazkaren sustraiak, bioetika, erbestea eta erresilientzia... Urtero bezala, filmeetako gaien inguruko solasaldiak egingo dira publikoarekin batera Victoria Eugenia Antzokiko goizeko emanaldietan, baita Antzoki Zaharreko larunbat eta igande goizeko bi emanaldietan ere, non aurkeztutako filmeetako taldekideak, gaietan adituak, organismo eta GKEetako ordezkariak eta abar ere izango diren.

Mali Twist (2021) filmak, 2014an bere ibilbide osoagatik zinemaldi honek saritutako Robert Guédiguian marseillar beteranoak zuzenduak, emango dio azkena zinemaldiari apirilaren 8an, Victoria Eugenia Antzokian. Bertan ospatuko den galan aurtengo sari berezia jasoko du EFA Abidin Kaid Saleh, Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak. Duela hamar urte jaio zen eskola, Bojadorreko kanpamenduan. FiSaharako tailerretatik jaiotako hasierako lanetatik gaur arte, hainbat eta hainbat film labur ekoiztu dituzte Saharako zinemagile gazteek hainbat gairen inguruan: gazteen langabezia, osasunaren prekarietatea, memoria historikoa, edertasun kanonak, depresioa edo Internetekiko adikzioa. Gainera, Solar Cinema Western Sahara beren zinema mugikorrarekin, eskolak urte osoan zehar eramaten du zinema kanpamendu guztietara.

Filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira aurten. Bestetik, bi emanaldi izango dira Antzoki Zaharrean, bi pelikula Tabakaleran, baita ohiko kolaborazioa ere Kresala Zineklubarekin (Trueba zinema-aretoak). Film laburren emanaldia ere antolatu dute Donostiako Espetxean. Horiez gain, hiru film eskainiko dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Bi pelikula, Zutik! eta Tximinoen izarra, online ikusi ahal izango dituzte ikastetxean bertan; hirugarrena, Maixabel, Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da.

Bestelako jarduerak
Sei erakusketa eskainiko dira zinemaldiaren programazioan: Afrotopia; Emakumeen aurkako indarkeria nazioarteko gatazketan; Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen 18.ekitaldia; Bizitza; Baztertuak, adineko emakume helduen erretratua El Salvadorren; eta En el ombligo, Diarios de guerra y paz en Colombia

Bestalde, apirilaren 2an, Victoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen 4. Azoka egingo da, aurten bizikidetzaren aldeko memoria lantzeko baliabide pedagogikoan oinarritua.

Gainera, aurten, giza eskubideei buruzko Begira TÚ online jokoaren bigarren edizioa egingo da. Euskadiko GGKEn Koordinakundeak antolatua da eta proban jartzen du parte-hartzaileek arlo honetan duten ezagutza.

Sariak
Hiru sari banatuko dituzte zinemaldian: Ikusleen Saria film luze onenari, sail ofizialeko film luzeen artean aukeratua; Gazte Epaimahaiaren Saria film labur onenari, 3.000 eurokoa; eta Amnesty International Saria, erakundeko kideek eta ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek erabakiko duena. 

Sarrerak eta gonbidapenak
Sarrerak, bost eurotan, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskura daitezke, eta baita Internet bidez ere. Doako emanaldietarako gonbidapenak ere bi antzokietako leihatiletan izango dira.