Ostiralean hasiko da Beasaingo eta Ordiziako Antzerki Garaia
Zortzi antzezlan eskainiko dira guztira, eta etzi 'Sagastitarrak' obra ikusi ahal izango da Beasainen.
Antzerkia, euskaraz egindakoa bereziki, bultzatzen jarraitzea du helburu Beasaingo eta Ordiziako Udalen arteko elkarlanari esker antolatzen den Antzerki Garaia ekimenak. Antzerki emanaldietara joateko ohitura sustatzea eta publiko berria erakartzea da helburua, gazteak batik bat.
Zortzi antzezlanek osatzen dute egitaraua, euskarazko seik eta gaztelaniazko bik. Lehen emanaldia etzi izango da, urtarrilaren 13an, Txalo produkzioak konpainiaren Sagastitarrak obra. Urtarrilaren 20an, Itziar Ituño eta Ramon Agirre Ordizian izango dira, Hobe ixilik antzezlanarekin.
Otsailaren 17an, Ez naiz inoiz Dublinen egon lana taularatuko du Tentazioa konpainiak Beasaingo Usurbe antzokian. Hurrengo astean berriz, Ados Teatroak konpainiak Muchos amigos negros eskainiko du Ordiziako Herri Antzokian.
Martxoari dagokionez, 17an Hika Teatroak Toto aurkeztuko du Ordizian, eta 24an Perigallo teatroak Cabezas de cartel Beasainen. Apirilaren 14an, Beasainen, Yerma antzezlana izango da, La dramática errante-k aurkeztuta, eta 21ean, Vaiven-ek “Familia Sarekada” lana ekarriko dute Ordiziara.
Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira, eta sarrerak 12 euroan izango dira salgai. Esku-egitaraua hemen kontsulta daiteke.
