Ostiralean estreinatuko dute ‘Emaztegaiaren semea’ antzezlana

Ados Teatroaren eskutik, ‘Emaztegaiaren semea’ antzezlana estreinatuko dute ostiralean Tolosako Leidor Antzokian. ‘El Hijo de la Novia’ Fernando Castets eta Juan.Campanellaren film ezagunaren antzerkirako egokitzapena egin dute J.A. Vitoriak eta Garbi Losadak.



Rafael ez da zoriontsu. Bere aitak martxan jarritako jatetxea aurrera ateratzeko lanean dihardu, eguneko ordu gehienak bakarrik eta telebista aurrean pasatzen dituen arren; amak alzheimerra du, eta ospitale batean ingresatuta dago, baina Rafaelen aitak emaztearen txikitako ametsa bete nahi du eta Elizatik ezkonduko dira; neska-lagunarekin duan harremana eteteko zorian da, eta gainera, apenas ikusten du bere alaba.

Egoera horretan murgildurik dagoela, iraganeko lagun bat azalduko zaio Rafaeli, aspaldikoak ulertzen eta etorkizuna antolatzen lagunduko diona.

Horixe da Fernando Castets eta Juan J. Campanellak 2001n aurkeztu zuten Emaztegaiaren semea filmeko sinopsia, eta horixe bera ostiral honetan Tolosako Leidor aretoan aurkeztuko duten antzezlanaren oinarria.

Euskal moldaketa
Mikel Laskurain, Sara Cozar, Asier Hormaza, Iñake Irastorza eta Kandido Uranga dira protagonistak, eta Garbi Losadaren gidaritzapean lan egin dute hainbat hilabetez. Ados Teatroak prestatutako ikuskizuna da, eta euskal ikusleengan barre-algarak eta malkoak eragingo ditu.

20:30ean hasiko da emankizuna.