Oso gertuko biolentzia

Jatorrizko izenburua: "Funny games" (1996)
Zuzendaria: Michael Haneke
Aktoreak: Sosanne Lothar, Ulrich Mühe eta Arno Frisch

Muturreko iritziak eragiten ditu Michael Hanekeren zinemagintzak; zuzendari ausarta eta bikaina hainbatentzat, probokatzaile eta sadomasokista beste askorentzat. Eta bere filmografia labur baina mamitsuan ziur aski film honek sortu ditu eztabaidarik handienak. Hemen ere probokazio batekin hasiko gara: "Funny games" 90ko hamarkadako "A clockwork orange" da, nahiz eta Kubricken filmak izandako oihartzuna ez zuen lortu honakoak (ezin ahaztu austriarra dela). Hanekeren pelikula guztietan gertatzen den moduan, biolentzia da filmaren ardatza. Baina akzioa eta tiroak espero dituenak ez ditu istorio honetan aurkituko. Biolentziari buruzko filma da "Funny games", pelikula deserosoa, askori desatsegina eginen zaiona. Zenbaitek pelikula mezu sasifaxista izatea leporatu diote, biolentziaren apologia egiten omen duelako.

Hasiera-hasieratik tentsioa da nagusi; musika klasikoa lagun, senar-emaztea eta haien semea laku baten ondoan duten etxera abiatuko dira oporraldia igarotzera. Lekua zoragarria da, baita haien etxea eta kotxea ere. Baina ikusleak ustezko paradisu hori hondatuko duen zerbait agertuko dela somatuko du berehala, nahiz eta ezin jakin zer den. Xehetasun handiz, familia burgesaren mugimendu guztiak erakusten ditu filmak, harik eta ondoko etxean gonbidatuta dagoen gazte bat arrautza eske agertuko den arte.

Michael Haneke Europako klase ertain-altu burgesa du begi-puntuan, eta pelikula honetan bere obsesio hori mugaraino eraman zuen. Ez zaizkio erasotzaileak interesatzen, ezta hauen jokabidearen arrazoiak ere. Beste aldea da Hanekeri interesatzen zaiona, familia burges ustez errugabeak nola jokatzen duen; horixe da "Funny games"-en izatearen arrazoia.

Eta aukeratutako bideari esker Hanekek ez du diskurtso moralik behar, xehe-xehean talde sozial horrek biolentzia nola bizi duen agertzen du: mundutik isolatu nahi izan dute eta paradisu hori bera tranpa bihurtuko zaie, ezin izanen dute alde egin, inkomunikatuta daude, hesiz inguratuta, mundu "desatsegin" horretatik at. Errugabeak balira bezala, sekula ez diote inguruko biolentziari erreparatu nahi izan, eta orain begi aurrean dute. Horrexegatik ez da harritzekoa sandwich bat prestatu bitartean tiro hotsak entzutea etxe barruan.

Baina horrez gain, ikuslea ere bidelagun nahi du Hanekek, hura ere baita biolentzia garaikidearen sustatzaile nagusietakoa. Hori dela eta, kamerari zuzenduko zaio protagonista, azalpenak emanez. Eta memento batean, istorioaren norabidea aldatuko da, biolentziaz gose dagoen ikusleak hala nahi duelako, bideoaren mandoari eraginez. Joko bat da, besterik ez; dibertigarria ez, argigarria oso.