Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusaren pandemia deklaratu du, zer esan nahi du honek?
Birusa jada 118 herrialdeetan dago eta gaixotasuna pandemia kontsideratu du Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori dela eta kudeaketa fase berri batean sartu gara.
OME-k asteazken honetan aldaketa terminologiko garrantzitsua eman du koronabirusaren zabaltzearen kudeaketan eragina izango duena. Erakundeko zuzendari orokorra den Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek esan duenez, COVID-19a pandemia bilakatu da.
Ghebreyesus-ek iragarri zuen orain dela hiru aste munduak prest egon behar zuela pandemia potentzial bati aurre egiteko, baina orain arte koronabirusaren zabalkundea “epidemian” mantentzen zuten.
Orain pandemia da ordea. Eta zer da zehazki hori? OME-ren arabera: Gaixotasun berri bat mundu mailan zabaltzea. Hau da, pandemia batean gaixotasun berria ez dago lokalizatua foku zehatz batzuetan, baizik eta planetako leku ezberdinetan zabaltzen da kontrolik gabe eta horregatik ekintza ezberdinak burutu behar dira. Ghebreyesus-ek esan duenez, aldaketa honekin herrialdeak neurri intentsuago eta oldarkorragoak hartzera bultzatu nahi ditu. OME-k pandemia deklaratu zuen azkenaldia 2009an izan zen A gripearekin.
OME-k erabaki hau hartu du koronabirusa 118 herrialdeetara iritsi denean eta kasuen hazkundeak goraka egin duenean azken hilabeteetan Txinatik harago. “Kezkatuta gaude zabalkundearen maila aztoragarriagatik eta ekintza ezengatik” ohartarazi du Ghebreyesus-ek. Munduan 120.000 positibo egon dira. Italia da, Txina ondoren kasu gehien dituena eta Espainia, 2.000 positibo gaindituta, bosgarren postuan dago.
Kudeaketa fase berri bat
Nazioarteko koordinazio ahalegin asko modu lokalean mantendu dira orain arte, “epidemia” izendapenaren azpian. Pandemiaren ezaugarri nagusien artean kudeaketa aldaketak daude. Ghebreyesus-ek ñabardurez hitz egin du, esanez pandemia hitza ezin dela arinki erabili “beldur irrazionala” eragin baitezake.
Fase berri honetan nazioarteko politika mota berriak hartuko dira gaixotasunaren zabalkundea eta efektuak gutxitzeko. Norbanakoaren prebentzioak berdin jarraitzen du: eskuak eta aurpegia maiztasunez garbitzea eta etxetik ez ateratzea gripearen antzeko sintomak sentitzen badira.
XX. mendean gripearen hiru pandemia bizi izan ziren. COVID-19a ez da gripea, neumonia sortzen baitu, baina kutsatzeko modua antzekoa da. Lehena 1918an izan zen, bigarrena, gripe asiarra 1957an eta hirugarrean 1968an Hong Kong-en, hirurak milioika hildako utziz.
Mundu aspaldi globalizatuan, 2009. urtean ez zen lortu A gripearen birusaren zabalkundea etetea eta pandemian bilakatu zen. A gripea ordea, hasieran pentsatzen zena baino arinagoa zen, koronabirusa ez bezala, eta 60 urtetik gorako pertsonek immunitatea garatu zuten. Ikusi egin beharko da, birus berri honen aurrean egun hauetan zehar zer nolako neurriak hartuko diren, argi dagoela dirudi inoiz baino zorrotzagoak izango direla.