Ordenagailuen topaketa abiatu da BEC-en
Abiatu da 18. Euskal Encounter, Bilbao Exhibition Centre erakustazokan 4.000 ordenagailu baino gehiago bilduko dituen topaketa. Igandeko arratsaldeko 19:00ak arte, bideojokoak, programa berrienak eta, oro har, informatikaren sektorea atsegin dutenek segundoko 20.000 megako paradisua dute Barakaldon.
18. edizioa da aurtengoa eta Euskal Encounter-aren antolatzaileek bi berrikuntza azpimarratu dituzte. Nagusia OpenGunea deritzona da, irekita dagoen gunea alegia. Edozeinek izango du bertan sartzeko aukera eta izango diren tailerrekin, hitzaldiekin nahiz sektoreko enpresen produktuen eskaintzarekin gozatzeko beta. Gune hau larunbata bitarte egongo da zabalik goizeko 11:00etatik gaueko 22:00etara bitarte eta orduro ekitaldi bat eskainiko dio hurbiltzen den orori. Honetan ez ezik, gainerako guneetan ere Internet konexioa segundoko 20.000 megakoa izango da eta, beraz, aurtengo Euskal Encounter hau munduko konexiorik handiena ahalbidetuko du; horixe bigarren berrikuntza garrantzitsua.
Game Gunea izenekoan hamar herrialdetatik baino gehiagotatik etorritako profesionalek Bideo Jokoen Nazioarteko Txapelketa Profesionala jokatuko dute. Espainiatik, Brasildik, Alemaniatik, Frantziatik, Ukrainatik, Poloniatik, Norvegiatik, Danimarkatik, Suediatik nahiz Erresuma Batutik euren babesleekin batera etorritako jokalariek 32 taldetan banatuta lehiatuko dira eta irabazleek 22.500 euro jasoko dituzte saritan. Partida hauek, nola ez, zuzenean ikusi ahal izango dira sarean.
EuskalParty gunean, bestalde, 4.000 ordenagailu nork berea, bere etxetik ekarria eta 5.500 lagun baino gehiago biltzea aurreikusten dute antolatzaileek. Denek izango dute aukera egingo diren lehiaketetan parte hartzeko: arte digitala, hardwarea, softwarea, amateur jokoak Sarrera guzti-guztiak saldu dituzte jada 42 eurotan.