Oporrik ez izanik ere, udaz gozatzeko aholkuak
Lanera joan behar izan arren, egunak bereziago egiteko moduen bila al zabiltza? Bada, hementxe dituzu hainbat aukera.
Ingurukoak oporrak hartu dituzte edo laster hartuko dituzte, baina zuk lanean jarraituko duzu. Eta gainera sare sozialetan sartu eta gainerakoek oporretan zein ondo pasatzen duten ikusi behar!
Lasai, badago-eta lan egun hauek bereziago egiteko modurik. Udan egunak luzeagoak izaten dira, eta, beraz, lanetik ateratakoan edo lanera joan aurretik eguna aprobetxa dezakegu. Errutinak bestelako itxura hartzen du egunari ukitu berezitxo bat emandakoan.
Egunak bereziago egiteko laguntza behar baduzu, hona hemen gomendio batzuk:
- Gustuko duzun zeozer jan edo hartu. Kalera atera eta izozkia, gofrea edo txurroak jateko edo irabiatu bereziren bat edateko aprobetxatu. Zure gutizia gastronomikoren bat asetu.
- Planak egin lanegunetan. Lagunekin aire libreko film proiekzioren batera edo kontzertu batera joan, zerbait hartu lagunekin terraza batean edo haiekin afaldu edo bazkaldu, piknik bat egin parkean edo hondartzan, igerilekura edo hondartzara joan, ilunabarraz gozatu, izarrak ikusi...
- Zure zaletasunentzat astia hartu. Eguneroko zurrunbiloan egiten ez dituzun eta gustuko dituzun gauzak egiteko tartea hartu: irakurri, musika entzun, margotu, argazkiak atera, korrika egin... Hau guztia kanpoaldean egin dezakezu, eguraldiaz eta paisaiaz gozatzeko.
- Ahal baduzu, lan egiteko tokia aldatu. Lan malgua baduzu edota telelana egiterik baduzu, wifia dagoen aire libreko kafetegi batean edo parke batean lan egin dezakezu tarte batez bada ere. Edo, halakorik izanez gero, etxeko balkoian edo terrazan.
- Jainegunetan egun-pasak edo irteerak egin. Asteburuan edo lanik ez duzun egunetan Euskal Herriko tokiak ezagutzeko aprobetxa dezakezu. Kanpora joaten garenean bazter guztiak ikustera joateko ohitura dugu, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu etxe aldean gauza bera egitea. Ziur zure herrian bertan edo inguruan ere badirela ezagutzen ez dituzun txokoak!
- Udan egin nahi dituzun gauzen zerrenda egin. Zeure buruari galdetu zer egin nahiko zenukeen, idatzi eta saiatu ahal duzuna betetzen. Hori bai, ez erotu, eta gogoratu atseden hartzea eta zeure burua zaintzea. Zure barruari jaramon egin eta gozatu udaz!