Oporrak igarotzeko herrialde beganoenak
Entsaladaz gain, animaliarik gabeko gastronomia zabal eta gozoaz disfrutatzeko helmuga onenak!
Geroz eta zabalduagoa dago beganismoa, eta elikatzeko joera berri honek behar berriak eragin ditu, eta tartean, bidaiatzeko ohiturak eraldatu ditu. Hain zuzen, beganoa bazara badira zure bidaia gastronomikoa erraztu eta aberastuko duten helmugak. Eta bai, entsaladaz harago bada zer aukeratu. Ezagutu nahi dituzu?
INDIA: Biztanleen %38 begetarianoak dira, eta Asiako herrialde barazkijaleena da. Mendeetan landutako errezeta goxoak prestatzen dituzte; oso tipikoak dira esaterako, Malai Kofta edo Dhokla.
LIBANO ETA ISRAEL: Fattush-a edota tabouleh-a, falafelak eta hummusa bi herrialdeetako dietaren oinarriak dira. Hauek dira gastronomia beganoaren erregeak.
ALEMANIA: Herrialde honetan pentsatu eta zuzenean Frankfurt eta bratwurst saltxitxak datoz zure burura, ezta? Bada jakin beharko zenuke azken urteetan beganismoa oso indartsu sartu dela herrian, eta gastronomia sakonki eraldatu du; herrialdean ehunka eta jatetxe zein supermerkatu begano aurkituko dituzu!
TAIWAN: Barazkiekin egindako zopa eta pasta plater gozo eta osasuntsuenen lurraldea da Taiwan. Budismoak eraginda, milaka begano bizi dira herrialdean, eta horrek biziki eragiten du gastronomian. Tofua eta seitana egunero erabiltzen dute, arroza eta fideoekin batera.
IRLANDA: Azken urteetan, irlandarren dieta aldatzen hasi da. Begetariano kopuru handienetakoa duen herrialdea da (9. postua mundu mailan eta 5.a Europan). Ez utzi colcannon platera probatzeari; bertako gutizietako bat da!
SINGAPUR: Asiako herrialde gehienetan bezala, gastronomia begetariano oparoa dute. Hau da jatetxe begano gehien dituen herrialdea; gainera, Singapurren fruta exotikoen eskaintza zabala topatuko duzu!
ETIOPIA: Herrialde honetan, gastronomia estuki lotuta dago erlijioarekin. Asko zaintzen dute jaten dutena, eta baraualdi gogorrak egiten dituzte. Baraualdi horietan, etiopiarrek ez dute haragirik jaten, baina bai barazki eta frutak; mendeekin, sekulako plater gozoak garatu dituzte. Bereziki famatua da haragirik gabeko atkilt wot-a.