OnlyFans-en aritzeagatik baztertu duten Harry Potter pelikulako aktorea

Lavender Brown-en papera egiten zuen aktorearen jardunak, sagaren bueltako ekitaldietan ez izatea eragin du.

Harry Potter sagako hiru pelikuletan Lavender Brown gorpuztu zuen Jessie Cave aktoreak. Aktore, umoregile eta marrazkilari lanetan aritu izan da, eta duela sei bat hilabete OnlyFans kontua zabaldu zuen zorrei aurre egiteko asmoz. Bertan bere ilea erakusten du, eta harekin lotutako argazki artistikoak partekatzen ditu.

OnlyFans-eko jardunak ondorioak izan dituela salatu du, ordea, Cave-k. Bere albiste buletinean kontatu duenez, duela gutxi jakin omen du ez ziotela Harry Potterren konbentzio baterako deitu, OnlyFans-en aritzen delako. "Familiei zuzendutako ikuskizuna dela eta OnlyFans pornoarekin lotuta dagoela", azaldu omen zioten. Aktoreak adierazi duenez, "harrigarria" izan da hori entzutea, "konbentzioak egiten dituzten aktore gehienak sexu eszenak egin dituztelako eta biluzik agertu direlako pelikula edo telesailetan". "Nik neure ilearekin jolasten dut, besterik ez", gaineratu du.

Cavek esan du "ez dagoela haserre" konbentzio gehiagorik egingo ez duelako. Izan ere, Harry Poterren telesail berria estreinatzen denean "beste garai bat izango da, eta aktore-multzo berria agertuko da. Gainera, 15 urtez baino gehiagoz ibili naiz konbentzioetan, eta badut nahikoa argazki eta merchandising magiko". 

Hasiera batean, urtebetetez aritu behar omen zuen OnlyFans-en, baina Instagrameko argitalpen batean adierazi zuenez, "bizitzan gehien ahaldundu duen" jarduera izan omen da. Gainera, hasierako asmoari jarraiki, zituen zorrak kitatzeko bide eman dio.  

Aktorearen OnlyFans kontuan harpidetza egitea sei euro kostatzen da, eta ilearekin loturiko edukia partekatzen du. 276 post baino gehiago egin ditu, eta 29000 atsegite baino gehiago ditu.