Ongi etorri unibertsitatera
Laster, institutuko nerabe basatiak unibertsitari prestu bilakatuko zaizkigu. GAZTEZULOn errana dugu unibertsitatea ez dela deus ere ikasteko lekua. Eta, halarik ere, unibertsitateak beteko dizkigute gazte hasiberriek. Horra hor zenbait gai kontuan hartzekoak.
Adin ezberdintasuna
Ikastolatik institutura pasatzea ikaragarrizko trauma da anitzetan. Handiena, indartsuena eta gaiztoena izatetik mukizu nazkagarria izatera pasatzen zara. Unibertsitaterako jauzia ezberdina da, ordea, 18 eta 19koen artean ez baita alde handirik. Baina bada zerbait bitxia eginen zaizuna: unibertsitatean 27 urteko klasekideak eta 23ko irakasleak topatuko dituzu. Lehenengoetatik ikasi, noski.
Jendetza klaseetan
Institutuan hezkuntza pertsonalizatua ematen saiatzen dira. Unibertsitatean ez dute horrelakoetan astirik galtzen. 150 edo 200 laguneko klaseetan izanen zara askotan. Ondorioz, irakasleak Groelandiako izotza baino hotzagoak dira. Euren "txapa" bota, eta kitto. Utzi eztabaida akademikoak kafetegirako.
Piper egitea
Institutuko noizbehinkako ekintza hau eguneroko jarduera bilakatu behar da unibertsitatean. Heldua zara dagoeneko, zure ekintzen erantzule. Hortaz, zertarako klasean denbora galdu? Zoaz kafetegira.
Kafetegia
Ongi da, ailegatu zara fakultateko kafetegira. Aukera ezazu txoko erosoren bat, lau urtetan (edo bostetan, edo zortzitan) gehien bisitatuko duzun txokoa izanen baita.
"Unibertsitatean asko ligatzen da"
(?!!!!!!!!!!!) Euskal Herriko zein zulotan ligatzen da asko? Batzuek diote nesketan ibiltzeko Erizaintza egin behar dela, eta mutiletan ibiltzeko, ingenierutzaren bat. Bai ote? Ez, horrelako burutazioekin ez zoaz inora. Unibertsitariek antolatu jaiak dira ligatzeko tokirik egokienak; hau da, campusetik urrun.
Apunteak
Dozenaka liburu behar izaten dira unibertsitateko ikasgaiak gainditzeko. Eta hau kasualitatea!, liburu asko gure irakasleek idatziak dira. Hori dela eta, batek baino gehiagok pentsatzen du unibertsitateko klaseetan ez dela apunterik hartu behar, nahikoa dela liburua izatearekin. Koitaduak Olentzeroren asmo onetan sinesten du oraindik.
Fotokopiak
Ongi etorri fotokopien erreinura, erresoluzio ttikiko zuri-beltzeko kopien merkatura. Irakasleek idatzi liburuak ez erosi gero! Merkeago aterako zaizu liburuok fotokopiatzea eta gainera erabateko zilegitasun morala duzu. Eta apunterik ez baduzu, klasetik agertu ez zarelako? Don't worry. Beti dago klase guztietara joaten den baten bat. Haren laguna izan beharko duzu. Edo bestela bere adiskidetasuna (eta apunteak) erosi beharko d(it)uzu.
Azterketak
Ikasturte hasieran irakasleren batek erranen du berak ez diela azterketako emaitzei gehiegi begiratuko, kontuan izanen dituela urte osoko lanak. Kasurik ez! Irakaslea etsaia da, ziria sartu nahi dizu. Azterketa batean lorturiko emaitza ona da argudiorik onena ikasgaia gainditzeko.
"Ideia trukaketarako lekua da unibertsitatea"
Baita zera ere! Unibertsitateko komunikazioa norabide bakarreko da: irakasleak hitz egin, ikasleak barneratu. Opusen existentzialismoa aipatu eta "Fe y vida de fe" izenburuko liburua oparituko dizute; NUPen euskarazko ikasgaiak galdegin eta bertze 76 lagunekin batera atxilotuko zaituzte; EHUn... EHUn... eta zer erraten ahal dut nik izena bera ere okerra duen unibertsitateaz?
"Asko ikasteko lekua da unibertsitatea"
Ezetz ba. Unibertsitatean transakzio ekonomikoa bertzerik ez da egiten. Ordaindu eta, trukean, titulua emanen dizute. Tartean "estudiatu" beharko duzu (ikasi ez, ikasi inoiz ez!), baina azkenean, ongi ordainduz gero, desiratutako duzun titulu hori poltsikoratuko duzu. Tristea? Serioak izan gaitezen: gaizki pasatu ote duzu? Bada, gizarte honetan dibertsioagatik ordaindu behar da.