OMEk 2040. urterako malaria behin betiko desagerrarazi dezakeen txertoa onartu du

Osasunaren Mundu Erakundeak txerto berri bat onartu du. Zientzia komunitatearen arabera, malariaren aurkako borrokan inflexio puntua izango da. Gaixotasun honek urtero milioi erdi pertsona hiltzen ditu Afrikan.

R21/Matrix deitutako txertoa Oxford unibertsitateak garatu du Indiako Serum Institute erakundearekin elkarlanean. Eraginkortasun handikoa da, ekoizpen kostu baxua du eta eskala handian fabrikatu liteke. 

Ikertzaileen arabera, urtebeteren buruan %75eko eraginkortasuna du malariaren aurka. Orain arteko txertorik onenak %50eko eraginkortasuna zuen denbora berean eta hiru urteren ondoren portzentaje hori jatsi egiten zen. 

Hobekuntza esanguratsua da beraz, baina ez bakarra. Txerto berri hau eskala handia ekoiztu liteke, Afrikako haurren gehiengoa babestuz gaixotasun honen aurka. 

Malariak zigortutako lurraldeetan urtero 40 milioi ume jaiotzen dira. Txerto hau gehiengo bati jartzeko aukera egongo litzateke. Hamalau hilabetetan lau dosi ezarriko lirateke eta 160 milioi euro beharko lirateke horretarako. Bideragarriak diren kopuruak dira. Gainera, kostu baxukoa da. Diru-sarrera baxuko herrialdeentzat sekulako abantaila da berau erosterako garaian. 

Planetatik deuseztatu nahi dugun gaixotasunen artean lehenengo postuetan dago malaria. Adituen kalkuluen arabera, ez dugu lortuko datozen bost edo hamar urteetan, baina litekeena da 2040. urterako helburua lortzea.