Omar Khayyam: Ardoaren abeslaria

Persiako Nisapur herrian jaio zen XI. mendearen erdialdean. Astronomo eta matematiko famatua izan zen gaztetatik eta, horri esker, garaiko erresuma boteretsuen ateak ireki zitzaizkion. Samarcandan lehenik, Abu Taher kadiaren egoitzan. Kondairak dioenez, honek orrialde zuriz beteriko eskuizkribu bat oparitu zion poetari, poemak han idatz zitzan. Ispahanen ondoren, Maliksha sultanaren babesean. Han ezagutuko zuen bere lagunik onenetakoa izango zen Nizam el-Molk bisirra, gerora "Hiltzaileen sektak" erailko zuena; baita bere maitale sutsu izanen zen Yahan, gorteko olerkaria. Garai latzak eta korapilatsuak izan ziren haiek. Turkiarren menpe zegoen Persia eta intriga politiko nahiz erlijiosoak eguneroko ogia ziren bertan. Horien erruagatik ibili zen Khayyam alde batetik bestera, bere zientzia garatzeko leku egokiaren bila. Bidaia eta egonaldi horietan zehar izkiriatu zituen poemak, "rubaiyata"-k bezala ezagutuko zirenak. Ez zen bere asmoa lan horiek argitaratzea, bere buruarentzat idazten baitzuen, barrena askatzeko. Hala ere, Omarren poemak ahoz-aho zihoazen erresuman zehar eta honela iritsi dira guganaino.     
Batzuk ez ziren berak eginak. Zaila zen, ordea, garai hartan poema baten egilea nor zen jakitea. Dena den, Abu Taherrek oparitu eskuizkribua desagertu egin zen eta ez da egundaino aurkitu. Diotenez, estatu batuar batek eskuratu omen zuen, baina Titanic itsasontzian eginiko bidaian hondoratu zen "Samarkandako izkribua" deitua izan zena.     
Kontuak kontu, mendebaldean ez zen poema horien berri izan XIX. mendera arte, Fitzgerald izeneko poeta britaniar batek Iranen zebiltzan bertsioen ingeleserako itzulpena egin arte. Hemendik aurrera Persiako pentsalaria munduan izan den poetarik handienetakoa bihurtuko da. Khayyamek ardoari, sentsualitateari, gaztetasunari eta Jainkoari buruz idazten du. Askatasun osoz deskribatzen du mundua, unean-uneko plazerra goratuz, bere poesiaren hitzak mistizismo lurtarrean sustraituz. Harritzekoa da bere poemek duten gaurkotasuna. Duela mila urte izkiriaturiko pieza labur horiek, ederrak izateaz gain, bizitza gauza txikietan oinarritzen dela irakasten digute. Zerua eta lurraren arteko distantzia, uste baino laburragoa dela, alegia.