Oliver Laxe zinemagilearen instalazioa ipini dute Donostiako Tabakaleran
Dimentsio espiritual eta sentsoriala uztartzen ditu lanak, eta azken hamar urteetako filmazioak ditu abiapuntu, 'Sirat' filmaren unibertso bisualarekin lotura dutenak.
Oliver Laxe zinemagileak sortutako HU/ُهَو. Bailad como si nadie os viera (HU/هَ و ُ. Egin dantza inor begira ez balego bezala) instalazioa Donostiako Tabakaleran ireki dute. Madrileko Reina Sofía Museorako berariaz sortutako lana da, eta orain Tabakaleran jarri dute, bertara egokitua.
Hartu-emana duten bi gune daude: batetik, rave ekosistemako bozgorailuz osatutako piramide bat, eta, bestetik, basamortuko paisaiak erakusten dituzten hiru proiekzio. Paisaia horietan tenpluak, bozgorailuak eta dantzan ari diren giza irudiak ageri dira, Laxek azken hamarkadan Iranen eta Marokon filmatutakoak. Irudi horiek hainbat sari eta izendapen lortutako Sirat film ezagunaren unibertso bisualarekin lotura estua dute.
Instalazioaren soinu-lana Kangding Ray-rena (David Letellier) da. Bere proposamenak elkarrizketa bat proposatzen du bi soinu-iturri bereiziren bidez, soinu-paisaia murgiltzaile bat osatuz. Proiekzioak 15 minutu inguru irauten du, eta buklean erreproduzitzen da.
Tabakalerak azaldu duenez, "instalazioak artistaren iruditeria pertsonalera garamatza; bertan, transzendentziaren bilaketak dantzatzen eta oroitzen duen gorputza bera hartzen du abiapuntu, baita sakratua den horrek paisaia natural, arkitektoniko eta sonoroan duen presentzia ere. Azken batean, protagonismoa ematen dio Laxeren obraren dimentsio espiritual eta kontenplatiboari, esperientzia fisiko, sentsorial eta sinestesikoa proposatzen baitu, mundua berriz liluratzea helburu duena".
Erakusketa urriaren 12ra egongo da ikusgai, Tabakalerako 2. Erakusketa Aretoan. Asteartetik igandera izango da zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Zinemagintza eta landa-eremuaren biziberritzea
Laxe Parisen jaio zen 1982an, baina sei urte zituela, Galiziara itzuli zen familia. Zinemagintza ikasi zuen Bartzelonan, eta ondoren Tangerrera, Marokora, joan zen. Han zela, Todos vós sodes capitáns filmatu eta autoekoiztu zuen, eta Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian FIPRESCI Saria eskuratu zuen.
2016an, Kritikaren Asteko Sari Nagusia jaso zuen Cannesen Mimosas filmagatik. Galiziara itzuli eta O que arde zuzendu zuen. Film harekin Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean Epaimahaiaren Saria lortu zuen 2019an. Iaz Canneseko Sail Ofizialean parte hartu zuen Sirāt filmarekin. Bertan, Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen, eta Oscar sarietarako, Urrezko Globoetarako eta Goya sarietarako izendapen ugari ere lortu zituen pelikulak. Nazioartean bere lana ezagutarazteko aukera eman dio, eta kritikaren eta industria zinematografikoaren aitortza jaso du.
Ser Elkarteko kidea ere bada Oliver Laxe. Kultura, nekazaritza eta garapen komunitarioko proiektuen bidez, landa-eremuak biziberritzea du helburu. Ondarea berreskuratzeari eta birpopulatzeari lotutako landa-garapeneko estrategiak ere bultzatzen ditu elkarteak, tokiko garapen-taldeekin lankidetza estuan.