Olaia Inziartek, Sara Zozayak, Ødeik eta Izaki Gardenak taldeak jaso dituzte Musika Bulegoa Sariak

Maite Larburu, Jon Saenz, Maite Ruiz de Erentxun, eta EZEZEZ ere saritu dituzte, besteak beste.

Musika Bulegoa Sarien hamargarren edizioa egin zuten atzo Biarritzeko Atabal aretoan, Ainhoa Vitoriak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuta. Musika Bulegoko lehendakari Maddi Aranak adierazi zuenez, "hamar urte hauetan gauza asko aldatu dira, baina ez euskal musikaren sormen indarra eta komunitate honen konpromisoa".

Hainbat sari banatu dituzte aurtengoan ere, eta antolatzaileen hitzetan, "euskal musikaren gaur egungo aberastasuna, aniztasuna eta sormen-gaitasunaren adierazgarri diren" proiektuei egin diete aitortza.

Aurtengo sarituak honako hauek izan dira: Olaia Inziarte, Zerrautsa diskoagatik; Jon Saenz, “Exodus” obra musikalagatik; Maite Ruiz de Erentxun, bere izen bereko diskoagatik; Sara Zozaya, Attä EPagatik; Maite Larburu, Maizter diskoagatik; Izaki Gardenak, Sitsak diskoagatik; EZEZEZ, Kabakriba diskoagatik; eta Ødei, Goizegi hiltzeko lanagatik.

Xabi Aburruzagak jaso du Publikoaren Saria, Bask lanagatik. Ia 3.000 lagunek parte hartu dute bozketan. Bestetik, Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria Fermin Muguruzari eman zaio, "euskal musika eta euskara nazioartean zabaltzeko egindako ekarpenagatik".  Etxepare Euskal Institutuak ez ezik, azken hiru urteetako saridunek parte hartu dute erabakian, hau da Oreka Tx, Euskal Barrokensemble eta Izarok.

EHMBE Ohorezko Saria, berriz, Javier Corral Jerry-k jaso du. "Musika kazetaritzan egindako ibilbide luzea eta euskal musikaren zabalkundean egindako ekarpena" aitortu nahi izan ditu Musika Bulegoaren zuzendaritza batzordeak.

Aurtengo epaimahai profesionala honako hauek osatu dute: Natxo Vélez, Ane Zabala, François Maton, Jaione Martiarena, Geraldine Ramirez, Artur Estrada, Haizea Huegun eta Iñigo Irazoki.