Oinarritik gora

Umetako gurariak heldutasunean egi bilakatzea ez da erraza izaten zenbaitzuentzat. Ez da Kiko Jauregi Bereziarturen (Beasain, 1973) kasua, orduan finkatutako ildoari jarraitzea lortu baitu aktore eta bikoizleak.



Haurtzaroan ameslari hutsa zela kontatzen du, "artista mundua" bizi nahi zuela eta berdin zitzaiola zein alorri heldu. "Flamenko dantzarietatik hasi eta pailazoetaraino, denak erakartzen ninduen". Gerora, koxkortu ahala, bikoizketa eta antzerkia probatu zituen, eta horrek ahotsa kontrolatzen lagundu zion, antzezpenean oso garrantzitsua den alderdia. Hala, urrats bat gehiago eman eta Goenkaleko Ioseba sendagilearen papera eskuratu zuen 1996an. Eta geroztik ezin izan ditu bata zuria eta fonendoskopioa gainetik kendu. "Mediku bat behar duten bakoitzean deitzen didate. Ospitaleko sekuentziak soilik grabatzen ditut, eta bereziki faltan botatzen dudana beste aktoreekin topo egitea da".

Goenkalek ezagun egin badu ere, eta inor gutxik jakin arren, Superbat saioko Trikiflash pertsonaia haragitzeaz ere arduratu zen Jauregi 90eko hamarkadan. "Une hartan Bilin-Bolonka eta Galaktika saioetan nenbilen, eta Superbat programa prestatzen hasi zirenean froga bat egin zidaten". Halaxe hasi zen haurrentzako edukidun euskarazko saio arrakastatsuan, larruzko traje gorria eta kaskoa soinean, eta oso ongi pasatzen zuela aitortzen duen arren, grabazioak gogorrak zirela azpimarratzen du, "kroma edo pantaila berdearen aurrean grabatu behar izaten genuelako". Kaskoa, gainera, etxean gordetzen omen du, oroigarri gisa.

... eta gaur


Egun Binahi agentziako zuzendaria zara, arrebarekin batera. Nola abiatu zenuten agentzia?
2006an sortu genuen, Donostia aldean horrelako agentzia baten beharra zegoela sumatzen genuelako. Donostiako Egia auzoan dugu egoitza, eta oso gustura gabiltza. Uneotan urtarrilean grabatuko den film baten castingarekin ari gara, baita Gabonetako spoten castingekin ere. Hainbat ikastaro ere eskaintzen ditugu, hala nola, Bikoizketa, Kamera aurreko interpretazioa, Kantua eta Haurrentzako antzerkia.

Gazteen eskaria zenbatekoa da Euskal Herrian? Eta eskaintza? 
Kontua apalduta dabil azkenaldian, baina pixkanaka zer edo zer ateratzen da. Gainera, gazteak proiektu ezberdinetarako prestatzen ditugu: telebistako saioetarako, film eta spotetarako… Halaber, weberako saio bat prestatzen ari gara antzerki ikasleekin.

Asko dira beren seme-alaba txikiek gaztelaniazko ala ingelesezko marrazki bizidun atzerritarrak eta gainera, ez bereziki didaktiko eta gomendagarriak, kontsumitu beste erremediorik ez dutela salatzen duten gurasoak. Haiekin bat zatoz?
Erabat, pena izugarria ematen baitit uneotan ETB nola dagoen ikusteak. Ez du zerikusirik Superbat edo Bilin-Bolonkako garaiekin. Ez dute haurrentzako ezertxo ere egiten... ez haurrentzat ezta helduentzat ere.

Epe labur nahiz luzean, zein proiektu dituzu esku-artean?
Bikoizketarekin jarraitzen dut, eta film pare baterako paper txiki batzuk ere baditut. Eta noski, Binahin klaseak eta castingak egiten jarraituko dut.