Oihanean bezala

Zuhaitz batetik bestera ibili nahi Tarzanen moduan? Zirkuan bezala zirga bati eutsita hegan ibiltzeko grina? Horretarako aukera ematen duen Nafarroako lehen abentura parkea ireki berri dute Lekunberrin. Araban ere badago horrelako bat, Sobronen.


Zuhaitzetan jarritako oholtzak dira horrelako abentura parkeen osagarri nagusia. Oholtza batetik bestera igarotzea da kontua, ibilbide bat jarraituz. Horretarako, zubi bereziak daude, oholtzak lotzen.

Zubi tibetarra, nepaliarra, enbor higikorrak, tirolina… dira batetik bestera ibiltzeko bideetako batzuk. Zubi tibetarrean, adibidez, zirga edo soka baten gainetik egin behar da bidea (zirkuko orekarien antzera), eskuekin beste bi soka helduz.

Nepaliarrean, berriz, zenbait enbor daude soketatik zintzilik; "orekariek" hauen gainean ibili eta batetik bestera pasa behar dute.

Euskal Herrian horrelako jarduerez gozatzeko aukera ematen duten parke bakarrenetakoak dira Lekunberrikoa eta Sobronekoa. Urruñan ere bazegoen bat, Florenia lorategi botanikoaren baitan; baina parkeko arduradunek azaldu digutenez, abentura kirolak beste enpresa baten esku zeuden, eta jada ez dituzte eskaintzen.

Haritz artean
Lekunberriko Haritzalde hariztian dago Beigorri Abentura Parkea. Bertako arduradun Iñaki Irozek azaldu dizkigu parkearen ezaugarriak: Altuera desberdineko 35 oholtza daude bi bidetan banatuta. Bide bat bestea baino luzeagoa da, eta gorago iristen da.

Bideari ekiteko, eskailera baten bidez, lurretik 4,5 metrora dauden oholtzetara igo behar da, eta handik ohol altuenerako bidea zubiak igarota egiten da. Bide luzea bederatzi edo hamar metroko altuerara iristen da, eta bide laburra sei metrora. Altura horietan segurtasuna bermatzeko, parkea hamabi urtetik gorakoentzat ireki dute.

Ibilbide luzea egiteko, ordubete edo ordu eta laurden inguru nahikoa da; eta laburra egiteko ordu erdi edo hiru ordu laurden. Hala ere, bidearen iraupena pertsona bakoitzaren araberakoa dela argitu digu Iñakik: "Bakoitzak nahi duen denbora guztia har dezake; gainera, oholtzetan gelditu eta paisaiaz gozatzeko aukera dago, ibilbidea ez baita hasi eta berehala bukatu behar den zerbait".

Abentura Ebro ertzean
Sobronen (Lantarongo udala, Araba) dago Abentura Zelaia izeneko parkea, udal igerilekuen barrutian. Zuhaitzen ordez, zazpi eta hamar metro arteko dorreak ditu. Gainera, zubiez gain, dorreetara igotzeko eta bertatik jaisteko makina bat instalazio daude: rokodromoak, sokak, tirolinak…...

Zazpi urtetik aurrerako edonork egin dezake zirkuitua, ez baita inolako prestakuntza fisiko berezirik behar. "Ondo pasatzeko gogoa besterik ez da behar", esan digu bertako arduradun Jorge Martinezek.

Bestelako abentura kirolak ere eskaintzen dituzte Sobronen: kayak-a, kanoa, arku-tiroa, eta azken aldian modan jarri den paintball-a (pinturaz kargaturiko pistolekin borrokan aritzea), besteak beste.

Segurtasun neurriak
Jakina, oinak lurretik hain urrun ibiltzeko, segurtasun neurriak hartzea beharrezkoa da: tresna egokiak, beharrezko azalpenak, begiraleak… Hori dela eta, jendeari materiala uzten diote: sokak, arnesa, eskularruak… Ondoren, ibilbideari ekin baino lehen, begiraleek segurtasunari buruzko azalpena ematen dute.

Bide osoan zehar segurtasunerako metalezko zirga bat dago,  plastikoz estalita. Ezinbestekoa da honi lotuta joatea, soka eta mosketoien bidez. Horrela, pauso bat gaizki emanda ere, ez dago lurrera erortzeko arriskurik. Gainera, begiraleek ibilbidea zaintzen dute, abenturazaleak ondo ari diren eta ondo lotuta dauden ikusteko; eta, pausoren batean arazoak izanez gero zuhaitz edo dorre batetik bestera igarotzen laguntzeko.

Urria edo azarora arte daude irekita bi parkeak, eta nahi izanez gero, taldeentzako lekua har daiteke. Udan, beraz, bi toki aukeran, zuhaitz eta dorre artean, airearekin dantzan ibiltzeko. Zubi, soka eta tirolinetan, oihaneko abenturazaleen moduan. Ongi, ezta?

Prezioak eta erreserbak


• Beigorri (Lekunberri)    • Ibilbide luzea 14 euro    • Ibilbide laburra 7 euro• Erreserba telefonoa: 609 044 071 (Iñaki Iroz)

Abentura Zelaia (Sobron)    • Helduak 16 euro    • Haurrak 12 euro• Erreserba telefonoa: 945 35 90 16 (Jorge Martinez)