'Oihaletxea' dokumentalaren emanaldia eta Janus Lesterren kontzertua izango da Kanbon

Korrikak omendutako Azterketak Euskaraz kolektiboaren inguruko dokumentala emango dute eta, ondoren, Lesterrek kontzertu akustikoa eskainiko du.

Korrika Kulturalaren harira, arratsalde betea antolatu dute Kanboko Xalbador kolegioan, arratsaldeko seietatik aurrera. Lehenik eta behin, Korrikaren Oihaletxea dokumentalaren bina emanaldi egingo dituzte, bata 17:55ean hasita, eta bestea, berriz, 18:30etik aurrera.

Lander Garrok zuzendutako Oihaletxea ikus-entzunezkoak Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen ditu. “Korrikak eta Azterketak Euskaraz taldeak badute zerbait komunean, guztiontzat begi-bistakoa denaz aparte: biak jaio ziren desagertzeko bokazioarekin. Bi ekimenak maite ditugu, baina ez dute irauteko bokaziorik, biak sortu direlako anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko”, esan du Garrok. 

Dokumentalaren izenaren atzeko metafora ere azaldu du zuzendariak: "Euskara irudikatzen duen metafora da. Gu oihaletxe edo oihal-etxolaren barnean gaude, eta euskarak babesten gaitu. Gure babeslekua da euskara/oihaletxea, baina kanpoko elementuen (haizea, hotza, ekaitza) mende gaude. Guk oihaletxeari tinko eusten diogu, desager ez dadin. Era berean, ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik; izan ere, etengabe kanpoko elementu horien kontra ari garenez, eskuartean duguna atxikitzen dugu. Aurrera egingo dugu, harrotasunez, harik eta oihaletxe hauskor eta arin hauek, eguraldi apetatsuaren aurka, harrizko etxe sendo eta atsegin bihurtu arte".

Ondoren, 19:15etik aurrera, Janus Lesterrek kontzertu akustikoa eskainiko du. Jatekoa eta edatekoa ere izango da 18:00etatik 21:00etarako tartean.