Oier Mendizabal: Parrandan banago, ondo nagoen seinale
Aimar Olaizolarekin batera eskuz binakako txapelketa irabazi ondoren, zorion pilo bat jaso omen zituen, "gehiegi, agian; Baina ongi etorriak izan ziren guztiak". Taurus. Hil honetan 25 urte beteko ditu. Hernanin bizi den arren, Añorgako Errepublika Independentekoa omen da.
Sukaldean. Zer prestatuko zenuke? Makarroiak. Di-da batean. Etxetik kanpo bizi naiz, eta nahiko ondo moldatzen naiz.
Telebista aurrean. Zer ikusten duzu? Ez dut askorik ikusten. Joera dut pelikulak dvd-an ikusteko.
Komunean. Zer irakurtzen duzu? Batere ez. Sartu, egin beharrekoak egin, eta kanpora.
Ohean. Amesgaiztoa. Izaten ditut; eta oso gaiztoak, gainera.
Igogailuan. Norekin ez zenuke topo egin nahi? Ez dut arazorik. Momentu jakinetan egoten ikasi behar da.
Dutxan. Zer kantatzen duzu? Batere ez, gaizki kantatzen dut.
Lanean. Zer gorroto duzu? Fundamentu falta. Nik batzuetan fundamentu handia izaten dut, eta beste batzuetan ez. Halere, dudana ematen saiatzen naiz beti.
Oporretan. Nora ez zinateke itzuliko? Leku guztiei bere xarma topatu diet, baina, agian, Cancunera (Mexiko).
Parrandan. Noiz pasatu zenuen gaizki? Parrandan gaizki? Gaizki egonez gero, etxera joaten naiz! Parrandan banago, ondo nagoen seinale.
Kontzertuan. Zein talde? Gu ta Gutarrak.
Liburutegian. Zein liburu? Ez dut irakurzaletasun handirik, baina Joxe Mari Perez lagunaren Vascones gustatu zitzaidan.
Gaztetxean. Noiz azken aldiz? Iturriagan, orain hilabete pasatxo.
Zeruan. Non? Eguzkiaren inguruan. Nahiko urruti.
Eta infernuan? Momentu on eta txarrak izaten dira bizitzan. Onak gozatzen eta txarrak ahazten, denetatik ikasi behar da.