Ohean hitzak erabiltzen jakitearen garrantzia

Komunikazio erotiko oso garrantzitsua da, izan bikoteetan edo noizbehinkako harremanetan.

Ahoa da, dudarik gabe, sexuan plazer gehien eman dakigukeen gorputz ataletako bat. Sexu oralerako oso erabilgarria izatez gain, ahoa gakoa da sexuaren funtsezko ekintza praktikatzeko: komunikazioa. Praktika sexualetan hitz egitea geroz eta ohikoagoa bada ere, zenbait testuingurutan kosta egiten zaigu. 

Hau, batez ere, noizbehinkako harremanetan gerta liteke. Alta, kasu hauetan are eta garrantzitsuagoa da komunikazioaren garrantzia aldarrikatzea. 

Izan ere, honelako harreman likidoetan, sexuak irauten duen bitartean komunikazioa ez da ohikoa izaten (nahiz eta askotan bikote egonkorretan ere ez). Gaur egun sexua ez da maitasun harreman baten ondorioa, baizik eta harreman formalizatuaren aurreko pausoa. Normalean, bikote bat ofizialki bikote izan aurretik, askotan eduki dute sexua. Momentu horretan baloratzen da beste pertsonarekin dugun "bateragarritasuna". 

Alabaina, lehen harremanetan sexua sekulako izatea ez da ohikoena, beraz komunikazioa gakoa da. Ez soilik gustatzen ez zaizkigun praktikak argi uzteko edo antisorgailuaren erabileraz hitz egiteko, baita sexua atsegingarria izan dadin ere. 

Beraz, gustatzen zaiguna edo ez zaiguna komunikatzeaz gain, ederki dago, sexu harremanak dirauen bitartean, gustatzen ari zaigun ala ez besteari informatzea. Mingarriak izan litezkeen posturak pairatu beharrik ez dago, gainera beste pertsonari plazera sentitzen ari zarela komunikatzean beste pertsona horrek ere plazer gehiago sentituko du. Hori bai, neurritasunez,  bestela argibideak errezitatzen ari zarela emango baitu, eta hori ez da gustagarria. 

Batzuetan badirudi sexua isiltasunez egin beharra dagoela, intziri edo hasperenak soilik entzun litezkeela. Baina sexua benetan gustagarria izateko ezinbestekoa da nahi dugun hori adieraztea. Sexuak irauten duen bitartean komunikazioa beti egokia izango da eta ez zara sekula damutuko.