Utikan mitoak! Odol menstruala ez da toxikoa eta gainera sendatzeko ahalmena du

Menstruazio hitzaren alboan oraindik "lotsa", "aurrejuzgua" eta "estigma" bezalako hitzak agertzen dira. Oraindik ere mito faltsu ugari daude gezurtatzeke.

Mendeetan zehar, odol menstruala zikina eta likitsa bezala hauteman izan da. Hain da horrela, orain dela hamarkada batzuk ikerketa zientifikoek menstruazioko odolean toxikoak ziren osagaien presentzia aurkitzen saiatu ziren. 

1923an David I. Macht eta Dorothy S. Lubinek azaldu zuten menstruazioko odolean eta menstruazioa zuten emakumeen izerdi eta listuan menotoxina deitutako substantzia kutsakorra zegoela. Euren esanetan toxina honek landare bizien sustraien hazkuntza eteten zuten, moztutako loreak lizundu eta legami zelulen hazkuntza murriztu. 

Handik urte gutxira, 1925ean, Macht-ek arratoietan menstruazio odola injektatuz gero, hauek depresioa garatzen zutela, orientazioa galdu eta paralisia eragiten ziela behatu omen zuen.

Teoria hauek O. Watkins Smith eta George Van S. Smith zientzialariek 1940-45 artean baieztatu zituzten, ziurtatuz toxina hau arratoien %95 hiltzeko gai zela.

Alta, Macht-ek eta Smith-tarrek erabikitako gomazko globoen bakterio kutsadura ez zuten kontuan hartu menstruazio odola biltzerako garaian. 24 ordutan, goma horietan bakterio ugari garatzen ziren. 

Hain da horrela, 1953an, Bernhard Zondek-ek esperimentua errepikatu zuenean, arratoiak hiltzea eragotzi zuen odol menstruala baldintza esteriletan bilduta soilik. Honela argitu zen misterioa: menotoxina ez da existitzen, eta beraz, ez ditu ez landareak, ez eta arratoiak hiltzen.

Azken hogeita hamar urteetan ama-zelulen ikerketak sekulako aurrerakuntzak egin ditu. Aurkikuntza hauek diela eta, ama-zelulek funtsezko rola dutela menstruazio ostean uteroaren barneko geruza (endometrioa deitutakoa) berriz ere eraikitzeko garaian jakin ahal izan da. Gainera, zenbait gaixotasun immunologiko edo hanturazko tratatzeko egokiak direla ikusi da.

Egun, menstruazioko zelula-amen transplantea ikertzen ari dira, frogatuz zenbait gaixotasun tratatzeko erabilgarriak direla, horien artea covid-19a, zirrosia edo diabetesa.