Odgrobadogroba (De fosa en fosa / De tombe en tombe) ***
Zinema munduko banatzaile erraldoien diktaduraren ondorioz, ez da batere ohikoa pelikula esloveniar bat ikustea, baina pixkanaka-pixkanaka, Jan Cvitkovic zinema zuzendariaren lehen film honek lortu du bidea egitea. Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten 2005.urtean, eta mota guztietako iritziak eragin zituen. Drama eta komedia nahasten ditu istorioak, eta Emir Kusturicaren zinemagintzaren eragin nabarmena du. Esloveniako paraje isolatu batean bizi da Gregor, eta heriotza oso gertutik ikusten du egunero. Izan ere, lanbide berezia du: hiletetan hitzaldiak ematea. Lanbide horri esker, inguruko herritar guztiekin harremanetan dago. Maitasunaz, adiskidetasunaz, heriotzaz eta bizitza beraz ere gogoeta egiten du Jan Cvitkovic zinemagileak drama eta komedia uztartzen dituen pelikula txiki, atsegin eta gazi-gozo honetan.