"Norbaiten trumoiak", II. Gaztezulo Bideo Lehiaketako irabazlea

Epaimahaiak 'Original' lanari aitortu dio bigarren postua, eta Ikusleen Saria 'CtrAltSpr' laneko egileek jaso dute. Guztiak Durangoko Plateruena Kafe Antzokian iragan asteazkenean –hilak 7– ospatu genuen GAZTEZULO FESTAn izan ziren, eta Ander Lipus aktorearen eskutik jaso zituzten sariak.


Joan zen azaroaren 15ean II. Gaztezulo Bideo Lehiaketarako lanak aurkezteko epea amaitu zen, eta orduantxe ekin zion balorazio lanari Asier Altunak, Bego Vicariok, Ander Lipusek, Ane Muñozek eta Ainhoa Garaik osatutako epaimahaiak.
Minutu bat eta hiru minutu arteko bideoak eskatu genituen, euskarazkoak eta gai gisa 'Hi eta hire munduak' izango zutena. Makina bat gaztek erantzun dio deialdiari eta, orotara, 30 lan baino gehiago jaso ditugu GAZTEZULOko erredakzioan.
Guzti-guztiak ikusgai izan dira iragan aste hauetan zehar gure webgunean. Horien artean lehiaketako oinarriak bete eta boto gehien jaso dituena da 'CtrAltSupr' lana. Julen Telleriak, Jaione Carpinterok, Imanol Ituiñok, Izaskun Vazaquezek, Jon Koldo Etxeberriak eta Markel Goikoetxeak osatutako lan taldeak produktu elektronikoak, musika diskoak eta liburuak jaso ditu opari.
Ikus-entzunezkoen alorreko adituek osatutako epaimahaiak, aldiz, Lehenengo eta Bigarren Sariak erabaki zituen. Bigarrena 'Original' bideoko mutilek bereganatu zuten (Endika Loiola, Joseba Urrutikoetxea, Ulises Gutierrez, Ekaitz Aranberri eta Jon Ferrer) eta Sari Nagusia 'Norbaiten Trumoiak' lanaren atzean dagoen boskoteak: Jaione Urtasun, Fermin Cariñena, Markos Goikolea, Almudena Unzu eta Ander Iribarren.
Guzti-guztiak Durangoko Plateruena Kafe Antzokian bildu genituen joan den asteazkenean –hilak 7– ospatu genuen GAZTEZULO FESTAn. Ander Lipus aktorea arduratu zen sari banaketa aurkeztu eta umorez girotzeaz –aurki izango duzue jazotako guztia biltzen duen bideoa ikusgai–, eta ondoren Jupiter Jon eta Lisabö taldeek borobildu zuten gaua.