Nola lortu D bitamina koarentenan
Leihotik eguzkia hartzeak balio dezake, baina ez edozein modutan.
Udaberria eguzkitsu etorri da, baina bizitzea tokatu zaigun pandemia historikoak ez digu gozatzeko aukerarik eman. 15 egun egin behar genituen etxean, eta orain gutxienez hilabete luzatuko da koarentena. Bitarte horretan, gure osasuna zaintzea oso garrantzitsua da, eta besteak beste, beharrezkoak ditugu eguzki izpiak, minutu batzuez bada ere.
Baina kontuz, eguzkiaren onurak bereganatzeko denak ez du balio eta. D bitamina preziatuaren dosi zuzenak lortzeko ez du balio leihora hurbiltze hutsak. Garrantzitsua da leihoak irekitzea, edo trukean terraza batera ateratzeko aukera badugu, hori egitea. Arrazoia? Leiho itxiekin D bitamina gure gorputzean txertatzeko prozeduran lan egiten duen B motako (UVB) izpi ultramorea kanpoan gelditzen delako.
Egunean 10 minutu nahikoak dira beharrezko D bitamina xurgatzeko, eta ez du zertan sekulako eguzkia egon behar, berdin berdin xurgatzen du gorputzak egun lainotuetan.
ETA LEIHORIK EZ BADUGU?
Elikadurak ere lagundu gaitzake D bitamina bereganatzen. Ziurrenik burura etorriko zaizuen lehen elikagaia esnea da, baina ez da uste duguna bezain eraginkorra; ikerketen arabera, ia 2 litro esne edan beharko genituzke egunean beharrezko D bitamina guztia xurgatzeko. Dena den, esnea lagungarria da, D bitaminadun elikagai bakarra ez izan arren.
Arrainak behar dugun D bitamina guztia eskaini diezaguke. Arrain urdinak, antxoak, bokartak ala atuna esate baterako, mikronutriente honetan aberatsak dira. Arrautzek ere badute D bitamina, eta baita itsaskiek ere. Bestalde, onddoek ere badute bitamina preziatu hau.