Nola aurre egin norbaiten heriotzari zerbait bazenuen pertsona horri esateko

Heriotza gai izugarri zaila izan daiteke. Maite dugun norbaiten heriotzak errealitate mingarri bati aurre egitera behartzen gaitu.

Momentu horietan ez dakgigu nola aurre egin munduari ere, ez dakigu nola erreakzionatu, hutsune izugarri bat zabaltzen da gure aurrean eta ez dakigu zer egin ezerez guzti horrekin. Inoiz sentitu gabeko emozioak izendatzen saiatzen gara, hau al da dolua?

Askori ordea min mota hau deserosoa suertatzen zaie. Hala diote behintzat honen inguruan egin diren zenbait ikerketek. Izan ere, gure bizitzan sekulako ezegonkortasuna sentitzen dugu, eta ezegonkortasun hori oso organikoa da, gorputz erreakzio bat balitz bezala. Maite zenuen hori jada ez dago eta ez duzu berarekin momenturik partekatuko. Heriotzatik horren aldenduta gaudenez, iristen denean harritu egiten gara eta mila pusketetan txikitzen da gure bihotza. Teorian badakigu bizitzaren zati dela, baina hobe da horretan gehiegi ez pentsatzea, ezta?

Denboraren joana da galera kudeatzeko tresna nagusiena. Ez dago iraupen “estandar” edo “normalik”. Pertsona bakoitzarentzat ezberdina da. Argi dago, hildakoarekin genuen harremanak ere zehazten duela dolua eramateko modua. Harremana zaila bazen aurretik edo arazoren bat bazegoen dimentsio ezberdin bat gehitzen zaio prozesuari. Lehengo, jada bakardadean, ondoez hori konpontzen saiatu beharko dugu, bere jatorria zein den zehaztu eta bakea bilatzen saiatuz.

Sendaketa honen ondoren hasi ahalko gara galerara ohitzearen prozesua. Mina modu osasuntsuago batean berrabiatzeko modu bat da, zatika osatzen joanaz. Ingurura begiratzen badugu ohartuko gara pertsonok galeraren bat eduki arren gure bizitzekin aurrera jarraitzeko ahalmena dugula, erresilientzia gaitasun handiak ditugulako.

Minetik atera eta gainditzeko modu ugari daude. Hala ere, heriotzak sortzen duen mina guztiz erauztea konplexua da, batzuetan, ez dago tratamendurik gure bizitzekin lehenago bezala aurrera jarraitzeko modua ahalbidetuko digunik. Denborarekin bezala, pertsona bakoitzaren araberakoa da.

Hasteko, ez da saiatu behar egun batetik bestera gainditzen. Izan ere, askotan sufritzen dutenek behar duten bakarra entzuna izatea eta ulertua sentitzea dira. Dolua ez da “konpondu” beharreko “arazo” bat. Mina prozesu jarraitu bat da eta pixkanaka aurkitzen dira bake momentuak aldaketara ohitzen goazen heinean.

Izan ere, gure bizitzek jarraitzen dute, eta posiblea da jarraitzea zinez. Gelditzen garen pertsonok, dudarik gabe, hau gaindituta apur bat ausartagoak bihurtzen gara. Indarra behar da aurrera jarraitzeko heriotza mingarri baten ostean eta momentu horietan doluan daudenek pentsa dezakete erotzen ari direla edo sartu diren mundu ilun hori argitzeko modurik ez dagoela. Honek, bukle batean erortzea ekarri lezake. Baina kasu, aurkakoa badirudi ere, doluan aurkitutako zailtasunak onartzeak, izendatzeak eta normalizatzeak ondorio sendagarriak ditu. Izan ere, amildegi eta erorketetan aurkitzen dira maiz bizirauteko gakoak.