Nirvanaren “Nevermind” disko mitikoko azaleko haurra erresuminduta dago
30 urteren ostean denak aberastu omen dira bera izan ezik.
1991ean, lau hilabete baino zituela, egun artista urbanoa den Spencer Elden-ek Kirk Weddle argazkilariarentzat poasatu zuen. Bere gurasoek soilik 200 dolar jaso zituzten argazki sesioagatik. Kopuru barregarria, kontuan izanik, rockaren historiako irudirik ikonikoenetako bat dela.
Spencer Elden ez zen edonolako haurra izan. Orain dela 30 urte, lau hilabeterekin soilik, eta kontziente izan gabe, musikaren historiako azalik ezagunenetako baten protagonista izan zen: Nevermind, Nirvana taldea ezagun egitera eraman zituen diskoa eta grungea nazioarteko radarrean jarri zuena. The Guardian komunikabideari 2015ean egindako adierazpenetan honela esan zion Spencer-ek: “Arraroa da kulturalki horren ikonikoa den irudi baten zati izatea. Nire amak historia zoro bat zuen. Esaten du, gaztea zenean, begitazio moduko bat izan zuela, eta sentitzen zuela bere haurra leku guztietan egongo zela”.
Hala izan zen. Kurt Cobain buru zuen taldearen bigarren lanak 30 milioi kopia saldu zituen eta bere azala merchandising produktu ezberdinetan nazkatzeraino erabili da, eta literalki, munduko milioika etxe, lokal eta erakustokietan dago.
Hasiera batean, bai taldeak, eta baita Robert Fisher-ek -Geffen Records diskoetxeko arte zuzendariak-, Nevermind ilustratzeko kontzeptu bisual esplizituago bat planteatu zuten. Kurt-ek haurra ur azpian jaiotzen ari zela erakutsi nahi zuen. Garai hartan, Internet ez zegoenez liburtegietara jo behar zen erditzearen argazkiak aurkitzeko. Eta horixe egin zuten, baina argazki horiek ez ziren baliagarriak izan disko baten azalerako. Erditzearen ideia baztertuta, urperatutako haur batekin konformatu behar izan zuten.
Orduan, Cobain-i amu bat gehitzea otu zitzaion, irudia txundigarriagoa izan zedin. Arratsalde oso bat igaro zuten berak eta Fisher-ek pentsatzen zer gauza dibertigarri jarri zitzaketen amuan: haragi zati bat, disko bat, edo musika sinbolizatzen zuen zerbait… orduak egon ziren horrela. Eta azkenik, billetearen ideia izan zuen norbaitek, ezin jakin zeinek, eta guztiei ideia bikaina iruditu zitzaien.
Argazki sesioa Pasadenako zentro akuatikoan egin zen eta argazkilariak 1.000 dolar (820 euro inguru) jaso zituen bost minutuko sesioagatik. Kirk Weddle argazkilariak berehala jakin omen zuen argazki ona zuela, nahiz eta ez zegoen ziur disko konpainian onartuko ote zuen. Dakigunez ordea, diskoetxeari ideia izugarri gustatu zitzaion.
Spencer-ek egindako deklarazioetan, txantxetan, aipatu izan du pozten dela azala Nirvana taldearentzat izatea, eta ez Backstreet Boys-entzat adibidez: “Nire gurasoek bazekiten zein zen Nirvana, nahiz eta ez zeuden oso interesatuak grunge eszenan. Nire aitak Hollywood-en egiten zuen lan, horrela ezagutu zuen Kirk eta esan zion: nahi duzu diru bat irabazi eta zure semea igerilekura botata? Nire gurasoek bertara eman ninduten beraz, argazki batzuk atera zizkidaten eta hori izan zen guztia. 200 dolar ordaindu zizkioten eta takoak jatera joan ziren ondoren”.
Hasieran, “Nirvanako haurra” harro sentitzen zen, eta bularrean “Nevermind”-en logoa tatuatzeraino iritsi zen. Bere ikasketak bertan behera utzi ondoren, eskola militar batean sartzera animatu zuten gurasoek. Gutxi iraun zuen bertan, ordurako jada bazekien arte munduan egin nahi zuela lan. Egun Los Angeles hirian jarraitzen du eta arte urbanoan lan egiten du.
Hori bai, historia on guztiek bezala, honek ere badu alde ez horren alai bat ere. Spencer-ek urteen poderioz bere azal famatuarekiko iritzia aldatu du. Hasieran txantxetan hartzen zuen bere zakilaren tamaina, -nire neskalagunak badaki egia horri buruz-. Orain berriz, ez du ondo egiten taldeko bizirik dauden kideek (Dave Grohl eta Krist Novoselic) berarekin harremanetan jartzeko ahaleginik egin ez izana.
Erresumin hau ulertzeko beste kontua dirua da. Orduan 200 dolar jaso zituzten eta 1991tik ez du Spencer-ek zentimo bakar bat ere jaso bere irudi eskubideengatik. Hain da horrela, Spencer-ek urtebete bete zuenean, Nirvanaren diskoetxeak disko platinoa bidali zioten eta peluxezko hartz bat: “Disko horretan parte-hartu zuten guztiek tonaka diru dute. Azken grunge-a izango banintz bezala sentitzen naiz. Nire amaren etxean bizi naiz eta Honda Civic bat gidatzen dut. Zaila da ez haserretzea jokoan zegoen diru kopuruaz jabetzean” azaldu zion Time aldizkariari. Galera horren aurrean Geffen Records-en aurka akzio legalak hartzea ere pentsatu zuen, nahiz eta azkenean ez zen ideia horrekin aurrera joan, galdutako borroka dela pentsatu baitzuen.