Nilofar Bayat da Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiko kartelean protagonista

Saskibaloi jokalari eta aktibista afganiarra izango da aurtengo edizioaren irudia. Gazte Epaimahaian parte hartzeko eta ikastetxeetan film proiekzioak egiteko izen-ematea ere zabalik dago.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioa apirilaren 1etik 8ra izango da, eta Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra aukeratu dute kartelerako. Antolatzaileek azaldu dutenez, "azken urteetako ildo kontzeptuala alde batera utzi, eta bere herrialdeko emakumeen eskubideen aldeko borrokalari hau izango du protagonista". Argazkia SISU 360º (Jotta Zubiría & Uxue Montero) enpresak egin du eta kartela Ytantosek diseinatu du.

Nilofar Bayat neskatila zela talibanen miliziak jaurtitako obusa sartu zen etxera, eta, ondorioz, anaia bat hil eta bera larriki zauritu zen. Harrezkero, mugitzeko arazo larriak ditu. Talibanak boteretik irten eta gero, ikasten hasi zen, eta Zuzenbide ikasketak egin ahal izan zituen. Nazioarteko Gurutze Gorrian aritu zen lanean Kabuleko errehabilitazio-zentroan. Bertan, dibertsitate funtzionala duten emakumeen kolektiboaren kirol-jarduera bultzatu zuen, eta horrela eratu zen gerora gurpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionala. Taldeko kapitaina zela, nazioarteko lehiaketa askotan parte hartu zuen, eta partidu ziklo berri bat prestatzen ari zirenean, Afganistango Gobernua erori egin zen, Estatu Batuek koordinatutako koalizio militar batek babestua.

Momentu hartan Nilofarrek argi ikusi omen zuen berak eraikitako guztia kenduko ziotela eta, batez ere, bere herrialdeko emakumeen berdintasun eta aurrerabiderako itxaropena. Hala, bere bizitza arriskuan zegoela sinetsita, lagun zituen kazetarien bitartez SOS deia zabaltzea erabaki zuen, eta Espainiako Gobernuak Kabuldik ebakuatzeko pasea eman zion. Bidaideak dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteak, eskua luzatu zion bere bizitza berrantolatzen has zedin. Egun, saskibaloian jokatzen du Bidaideak Bilbao BSR taldean, eta beste emakume batzuekin batera Free Women for Afghanistan eratu du, bere herrialdean desgaitasuna duten emakume taldeekin lankidetza proiektuak garatzeko eta, batez ere, talibanen gobernuak emakumeak zer egoeratara eraman nahi dituen salatzeko. Afganistango emakumeez ez ahazteko deia egiten du behin eta berriz Bayatek. 

Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea irekita
18 eta 30 urte arteko 90 bat gaztek osatuko dute Gazte Epaimahaia, eta film laburrik onena aukeratuko dute gai sozialak lantzen dituen nazioarteko lehiaketan. Gazte Epaimahaian kide izateko webgunean eman behar da izena martxoaren 8ra bitarte. Hurrengo egunean izena eman duten guztien artean zozketa egingo dute, eta emailez jakinaraziko dituzte irabazleak zein ordezkoen zerrenda. Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen duela jakinarazi dute antolatzaileek. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea izango ditu kontuan. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.

Haur eta gazteei zuzendutako hiru film
Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantze aldera, bertako ikastetxeei Zutik!, Tximinoen izarra eta Maixabel pelikulen eskaintza luzatu die Zinemaldiak. Lehen biak online eskainiko dira apirilaren 4tik 8ra proiektatzeko, eta Maixabel, aldiz, Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dute. Eskaintza doakoa da eta ikastetxeek webgunearen bidez eman dezakete izena martxoaren 26ra arte.

Filmak lantzeko gida didaktikoak ere prestatu dituzt, "proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren, haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko" asmoz. Filmeen gai nagusiak honako hauek izango dira: ingurumenarekiko errespetua, familia aniztasuna eta justizia leheneratzailea, eta terrorismoaren biktimen erreparazioa.