'Ni ez naiz sorgina' dokumentala ekonomikoki laguntzeko kanpaina martxan
Sorgin-ehizari buruzko narratiba deseraikitzea da proiektuaren helburua. Hamazazpi egun falta dira diru-bilketa epea amaitzeko.
Asisko Urmeneta ilustratzaileak proiektu berezia du eskuartean, Aitor Karasatorre bidelagun duela. Sorgin-ehizaren inguruko ikus-entzunezko lan bat ari dira prestatzen, "prozesu historiko ilun hura" argitu nahian. "Sorgin-ehizak gehien zigortu zituen eskualdeetan, jazarpen latz hari buruzko narratibaren berrirakurketa bat gertatzen ari da oraintxe bertan. Aurkikuntza-bide honetan lagundu, eta ahotsa eman nahi dugu, tokiko aktibisten eta nazioarteko adituen laguntzaz, eta guztien artean ustekabeko ondorioak plazaratuko ditugu", azaldu dute.
Urmeneta bera ari da arduratzen ikerketaz, gidoiaz eta zuzendaritzaz, eta proiektua bisualki berritzailea izango dela nabarmendu dute: "Bidaia honen narrazioak irudikapen historikoak eta marraztutako irudiak uztartuko ditu, kontakizunei bizia emateko. Teknika horri esker, kaltetutako pertsonen testigantzekin konektatu ahal izango dugu, indarturik gertatuko baitira nazioarteko adituen tesiekin (Natalia Silva Prada, William Monter, Sophie Houdard...)".
"Ahotsa eman diogu isilarazitako jendeari, eta lapurtutako duintasuna itzultzen saiatzen ari gatzaizkio, ezarritako damnatio memoriae hautsiz. Memoria historikoaren aldeko mugimendu biziarekin bat egiten dugu", adierazi dute.
Proiektua babesteko diru-bilketa martxan
Ikus-entzunezkoa finantzatzen laguntzeko crowdfunding-a jarri dute martxan Goteo plataforman. Hamazazpi egun falta dira kanpaina amaitzeko eta 11.540 euro bildu dituzte oraingoz. Gutxienez 12.500 euro lortzea da asmoa eta 25.000 euroren langara iristea litzateke helburu gorena. Ohiko moduan, diru-ekarpenaren araberako ordainsariak jarri dituzte.