New Yorkeko Guggenheim museorako beka programan izena emateko epea zabaldu dute
Graduatu berri diren, graduaren azken urtean dauden edo graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleentzako dira praktikaldiak.
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lau gazterentzako beka programa eskainiko dute, urritik abendura bitartean gauzatuko dena. Parte-hartzaileak artearekin eta museoen jardunarekin lotutako esperientzia profesionalean trebatuko dira. Hainbat arlotan lan egiteko aukera eskainiko da, hala nola arte-ardura, erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa eta harreman publikoak.
Graduatu berri diren ikasleentzat zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleentzako dira praktikaldiak. Bestetik, EAEn jaioak izan beharko dute edo bertan bizi 2021eko urtarrilaren 1etik. Gainera, ingeles maila altua izan beharko dute, ahoz nahiz idatziz.
Praktikaldiak irauten duen bitartean ikasleek banakako proiektu bat garatu beharko dute, bileretan parte hartuko dute eta praktikaldia egiten ari diren arloari dagozkion jarduerak bete beharko dituzte. Bestalde, bisitak egingo dituzte erakusketa aretoetara, bilduma pribatuetara, enkante etxeetara eta hiriko beste museo batzuetara.
Izena emateko epea apirilaren 24an amaituko da. Hemen kontsulta daiteke informazio gehiago.