Neubat: Rock gogorretik haratago
Metak diskoetxeak Neubat gasteiztarren estreinako lana plazaratu du: "Dantzaldiko erreginak". Euskarazko rock kanta gogorrak Arabatik.
Lau lagun ari dira Neubat taldean: Imanol baterian, Libe teklatuetan eta ahotsetan, Atxux baxuan eta Kanda gitarra eta ahotsetan. Atxux eta Kanda Sorkun Errenteriko kantariarekin ibili dira azken urteetan; "Onna" izeneko diskoan jarduteaz gain, Sorkunen zuzeneko kontzertuetan ere aritu dira.
Duela bost urte sortu zen laukotea, eta elkartu eta berehala lehen maketa grabatu zuten: "Oh saraboku itsu a tibi koa!!". Ondoren, 2002an, "Neubat" izeneko bigarren maketa plazaratu zuten Gara egunkariarekin. Ibilera honen ostean dator lehen diskoa: "Dantzaldiko erreginak". Bertan, 13 abesti eta "Basamortu motela" kantaren bideoklipa bildu dituzte. Bideoa Madrilgo Un Lugar en el Cine ekoiztetxearekin egin dute, taldearen musika eta irudia ezagutarazteko asmoz.
Neubat-ekoek euskara hutsean abesten dute eta rock gogorra metal kutsuarekin dute ardatz. Dena dela, ez diete muzin egiten ukitu melodikoei, ahots joko biziei, freskotasunari Kandaren hitzetan, "Libe taldean hasi zenetik, gure kantak asko aberastu dira; teklatuei eta Liberen ahotsari esker".
Patxadaz egindako lana
Estreinako lan honetan, aparteko laguntzaileak izan dituzte. Batetik, Sorkunek ahotsa sartu du "Blancoman" abestian. Bestetik, Sharon Stoner eta Kokein taldeen laguntza ere izan dute.
Alde teknikoari dagokionez, diskoa Eibarko Legarre musika elkartean grabatu zuten Ander Barriusoren gidaritzapean. Mantso eta patxadaz egindako grabazioa da ia urtebetez aritu dira. Aitor Amozarrainek eta Lisabo, Dut, Kuraia, Sorkun eta beste talde batzuekin aritutako Karlos Osinagak zuzendu dute nahasketa, eta masterizazioa Anselmo Herfen esku gelditu da.
Udan ez dute geldirik egoteko aukera izan: makina bat kontzertu eman dute Euskal Herriko jaietan, eta diotenez, datozen hilabeteetan ere martxa horretan jarraitzeko asmoa dute.