Netflixek iragarki pertsonalizatuagoak erakutsiko ditu Adimen Artifiziala erabilita

Harpidedunaren ezaugarriekin eta ikusten ari den telesail edo filmearekin bat egingo duten iragarkiak plazaratzeko asmoa dute. Datorren urtetik aurrera izango omen da martxan.

Netflixek harpidetza merkeagoa eskaintzen du ikus-entzuleek iragarkiak irenstearen truke. Plataforma ezagunak iragarri duenez, 2026tik aurrera Adimen Artifiziala erabiliko dute iragarkiak norbanakoaren ezaugarrietara hobeto egokitzeko, hau da, pertsonalizatuagoak izan daitezen. Edukiaren eta iragarkien arteko zubia modu arinagoan egitea omen da asmoa eta ikus-entzuleari esanguratsuagoak diren iragarkiak erakustea. 

Ikusten ari zaren filma edo telesaila eteten duten 30 segundoko iragarkien ordez, edukiaren tonuarekin, momentuaren egokitasunarekin eta ikus-entzulearen jokamoldearekin bat egiten duten iragarkiak sortu nahi dituzte, Adimen Artifizialaren laguntzaz. Pantailaren aurrean dagoenaren arreta bereganatu nahi dute, baina haien ikus-entzuteko esperientzia hain modu nabarmenean aztoratu gabe, kamuflatugoak izango diren iragarkien bidez. Esaterako, Stranger Things telesaila ikusten ari bazara, istorioan unibertsoarekin, diseinuarekin eta narratibarekin bat egiten duten produktuak iragarriko ditu, kolpeko etenik ez eragiteko. 

Iragarkietan azalduko dena norbanakoren interesekin lotzeko streaming plataformak duen informazioa erabiliko da. Adibidez, egun horretan Googlen bilatu duzun produktuaren inguruko mezu bat ager daiteke edukiaren tartean edo etenaldia egindakoan. Iragarkiak ikusten ari zarenaren gainean, bertan klik egiteko moduan edota QR kodeekin, eta elementu interaktibo gisa ager daitezke. 

Netflixek berak emandako datuen arabera, bere publizitate irismena 94 milioi erabiltzaile baino gehiagokoa da hilean, eta 18 eta 34 urte arteko gazteak harrapatzen ditu. Publizitatedun harpidetza dutenek, batez beste, 41 ordu igarotzen omen dituzte hilean Netflix ikusten, eta horietatik hiru bat iragarkiak izaten dira. 

Neurri honekin iragarkiak eraginkorragoak izatea lortu nahi dute eta, ondorioz, diru gehiago irabaztea. Adimen Artifiziala erabiliz, iragarleei ikusle jakinetara iristen eta ondo bideratuko mezuak helarazten lagundu nahi diete. Guztientzako iragarki orokorrak sortu beharrean, markek ikuslearen ezaugarrietara egokitutako ehunka bertsio egin ditzakete. 

Iragarleentzat eta streaming plataformarentzat albiste ona den arren, ikus-entzuleentzat kezkatzeko arrazoia izan daiteke.  Harpidedunen joerak eta gustuak zehaztasunez ikertu beharko dituzte iragarki pertsonalizatuak erakuste aldera eta, beraz, norberaren pribatutasuna jokoan egon daiteke beste behin. Horretaz gain, edukiaren eta merkataritzaren arteko muga lausotu egiten du eta manipulazio digitalari bide eman diezaioke.