Netflix (eta pornoa) ikusteak planeta kutsatzen du

Bai, sofan eserita telebistari begira ere, beroketa klimatikoa areagotzen ari zara.

Netflix edota antzeko plataforma digitalei begira orduak igarotzeak badu eragina ingurugiroan, eta uste duzuna baino handiagoa ziur aski. Hain zuzen, ikus-entzunezko online edukiek CO2ko emisio globalen %1 eragiten dute. Gutxi iruditzen zaizu? Bada adi jarraian datozen datuei; online bideoek urtean 300 milioi tona CO2 eragiten dituzte. Zifra horren heren bat, zuzenean Netflix edota HBO plataformen kontsumoak eragiten du. Beste heren bat, aldiz, pornografiak; hala, pornografiak urtean eragiten duen CO2 kopurua Belgika, Bangladesh edota Nigeria herrialdeek eragiten dutenaren kantitate bera da.

 

Datuok The Shift Project think tank (giza zientzien inguruko ikerketa izaerako erakundea) frantsesak igorri ditu. Hala, erakunde honen ondorioen arabera, gaur egun teknologia digitalek negutegi efektuko gasen emisio globalen %4 igortzen dute; zifra %8 igo daiteke 2025. urterako. Bizitza analogikora bueltatu beharko ote dugu?