Nestor Basterretxearen eragin artistikoa aztertzeko bi bisita gidatu egingo dituzte Omako Basoan

Agustin Ibarrolaren obraren analisiaren bidez, Basterretxeak arte garaikidearekin duen loturan sakonduko dute.

Basterretxea 3 taupadatan programa artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko sortutako ekimena da, eta honen barruan, argazki erakusketa eta erbesteko Basterretxeari buruzko hitzaldia egin dute orain arte. Hirugarren ekintza asteburuan, larunbatean, izango da: ibilbide gidatua Omako Basoan.

Doako bi emanaldi gidatu egingo dituzte, bata 11:00etan eta bestea 12:30ean, ordubete ingurukoak. Fernando Bazeta EHUko irakaslea izango da gidari. 

Nestor Basterretxearen eragin artistikoa eta bilakaera aztertuko dute, Agustin Ibarrolaren obrako lau multzoren analisiaren bidez. Basterretxeak arte garaikidearekin duen loturan sakonduko dute, 57 Taldean izan zuen parte-hartzean, GAUR taldearekin izan zuen loturan eta Kazimir Malevichek bere obran izan zuen eraginean.

Aldez aurretik egin behar da erreserba oma@bizkaia.eus helbidean edo 94 465 16 57 telefonora deituta.