Nestor Basterretxeak egin du aurtengo Durangoko Azokako kartela
Abenduaren 6tik 9ra egingo dute aurten Durangoko Azoka, euskal sorkuntzaren bilgune eta erakustoki nagusia den ekimena, eta Nestor Basterretxea artista bermeotarrak egin du kartela, enkarguz. Atzo aurkeztu zuten irudia Durangoko San Agustin aretoan, eta "ohore" bat izan dela aitortu du artistak.
Azken urteetan lehiaketa bidez aukeratu izan dute Azokako kartela, eta hori dela eta, atzerriko artisten lan ugari izan dira protagonista azken aldian. Aurtengoan, ordea, lehengo ohitura berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek, Durangaldeko artista bati eskatu ohi zitzaiolako egitekoa, eta beraz, lehen lerroko euskal artista esanguratsua den Nestor Basterretxeari luzatu diote enkargua.
Artistak adierazi duenez, azken urteetan lantzen ari den teknikaren bidez gauzatu du irudia. Telebistako irudietako pixelei argazkiak atera, horiei forma eman, egitura geometrikoak osatu, eta azkenik, kolore biziko irudi beirateak osatzen ditu.
Berria den arren, estetikoki artistaren horren bereizgarri den irudiarekin bat egiten du kartelak, eta Azokako antolatzaileak oso gustura geratu dira emaitzarekin.
Esparru anitz
Nestor Basterretxearen lana azken bost hamarkadatako euskal sorkuntzaren erreferentzia izan da, beste hainbat artistarenarekin batera. Esparru anitz landu ditu: eskultura, margoa, zinema eta ideia horrek bat egiten du Durangoko Azokarekin, alor ezberdinetako sortzaileek bere lana erakusteko topagunea baita.
Basterretxea berak eta Aiert Goenaga Azokako zuzendariak Durangora hurbiltzeko gonbitea luzatu diete euskaldunei.
Aurtengo Durangoko Azoka
Aurtengo Azoka abenduaren 6tik 9ra egingo dute. Bost egun beharrean, lau izango dira, ohikoa baino pixka bat laburragoa. Hala ere, eskaintza zabala bertaratuko dute argitaletxe, disko etxe eta gainerako ekoizleek ere.
GAZTEZULO ere bertan izango da. Pasa gure standetik bisita bat egitera!