"Nesting"-a edo gaur ez naiz aterako
"Nesting"-a, etxean izugarri gustura gaudelako, bertatik atera nahi ez izatea da.
Astea gogorra izan da: bilera amaigabeak, azken orduko zereginak... eta oraindik asteburua igaro behar, plan sozialez betetako asteburua, alegia. Etxea lotarako bakarrik zapaltzen duzu.
Eta inertzia horrekin apurtuko bagenu, zer? Pijama eta etxean egiteko planen bat aukeratuko bagenu? Bada, joera hori existitzen da. Betidanik "etxean geratzea" deitu diogu, baina egun nesting izenez ezagutzen da.
Zer da nesting-a?
Nesting ingelesetik dator, nest (habia) hitzean du jatorria eta asteburua etxeko sofan botata egoteari egiten dio erreferentzia. Bueno, etxean egoteari oro har; sofan egon zintezke telesailen bat ikusten, edo kozinatzen, liburu on bat irakurtzen, musika entzuten... edota armairuak ordenatzen! Hori zure esku dago. Helburua atseden hartu eta norbere buruarekin birkonektatzea da. Berau lortzeko aspertzea ere ona da!
Baina nondik dator etxetik ez ateratzeko behar hori? Egungo gizartearen erritmo estresagarriek eragina dute sentsazio honetan. Estresa murriztu ahal izatea ezinbestekoa da gure osasun fisiko eta mentalarentzat, horregatik jende askok erabakitzen du etxetik ez ateratzea asteburu osoan.
Gainera, nesting joerak aurreztera eraman gaitzake, ateratzen garenean baino diru gutxiago xahutuko baitugu etxean, eta etxeko pertsonekin gozatzeko beta eskainiko digu, loturak estutuz.
Nesting-aren onurak
Etxean geratzea oso ondo dago, beti ere norberak hartutako erabaki kontzientea baldin bada, eta ez moda bat segitzeagatik egiten duen zerbait. Etxean geratzeak lasaitasuna helarazten digu, segurtasuna eta horregatik da hain ona. Beste onura batzuk ere baditu:
-Sorkuntza sustatzen du, bereziki aspertzeko momentuak baditugu.
-Estresa eta antsietatea murrizten du, egunerokotasunaren lasterketatik pausa bat egiten baitugu.
-Oreka emozionala eskaintzen du sare sozialetatik, eta egin beharretik, deskonektatzeak.
-Familia loturak sustatzen ditu.
-Bikotearekin loturak sustatzen ditu, besteari denbora gehiago eskaintzeko aukera baitago.
-Gaitasun berriak garatzen lagun liezaguke. Landareekin edo sukaldean esku ona baduzu, orain hori praktikan jarri dezakezu, denbora izango baituzu horretarako.
-Gure autoestimua hobetzen dugu. Gure burua hobeto ezagutzera behartzen gara, entzutera eta gehiago maitatzera.
Noiz ez da aholkatzen nesting-a praktikatzea
Etxean geratzeak ongizate sentsazioa sortu liezaguke, bai, baina ez da beti gomendagarria, ez behintzat pertsona batzuentzat.
Pertsonaren arabera, edo bere bizitza etaparen arabera, ez da gomendagarria praktika hau, isolamendu soziala eragin bailezake. Denbora asko etxean bakarrik egotea, kontaktu sozialik gabe, Internetekoak edota lanekoak kenduta, ez da guztiz osasungarria. Azken finean, izaki sozialak gara, besteen kontaktua behar dugu eta loturak sortzeko beharra dugu, baita lotura horiek zaintzekoa ere.
