Neska ezkongaien landetxeak
BBCren erreportaje batek agerian utzi du Afrikako eremu batzuetan egiten den praktika hau.
BBCko erreportaje batek argitara ekarri du Afrika iparraldeko hainbat eremutan praktikan dagoen leblouh izeneko ohitura; landetxea antzekoak dira, eta bertan, adin txikiko neskak hazten dituzte, etenik gabe elikatuz loditu eta ezkongai "perfektuak" bilakatzeko.
Erreportajean azaltzen denez, 5 urtetik gorako neskak biltzen dituzte landetxe horietan, eta obesitatera iristeko etengabe jatera behartzen dituzte, kirola egitea guztiz debekatuz; hain zuzen, emakume lodiak errazago ezkontzen dira eremu horietan. 100 kilo inguru irabaztera iristen dira, eta 18 urteetara iritsi aurretik ezkontzen dituzte gehienak.
Praktika hauekin sekulako osasun arazoak eragiten dizkiete neskei, dela bulimia, obesitatea, diabetesa, bihotz arazoak... bestalde, argalak diren emakumeek ere estigma jasaten dute, ez baitute ezkontzerik lortzen, eta askori ez dituzten gaixotasunak izatea leporatzen dizkiete argalak izate hutsagatik, IHESA kasu.
LODITASUNA, EMANKORTASUN IRUDI
Argelia, Burkina Faso, Niger, Mali edo Mauritania dira loditasuna emankortasunarekin eta oparotasunarekin lotzen dituzten herrialdeetako batzuk; bertan, emakume lodiak "hobeto" ezkontzen dira, osasuntsuagoak, aberatsagoak eta emankorragoak diren irudia transmititzen dutelako. Ondorioz, emakume askok gehiegi jaten dute, eta batez ere gantzez elikatzen dira, gehiago loditzeko.